Portugaleteko Zubia
Burdinaren Urrezko Aroa
Bizkaia Zubia Europako Industria Iraultzatik geratzen den monumentu handietako bat da. Euskal burdingintzaren milakako tradizio-bidean gorengo ikurra eta gailurra da, jarduera horrek berebiziko garrantzia izan baitzuen Europako Atlantikora begira dauden herrialdeen historian eta Latinoamerikarenean mendez mende. Bilboko itsasadarraren bokalean altxatzen da, itzel, iragan metalurgikoaren lekuko. Handik hona Bilbo erabat mudatu bada ere, euskal industriaren Urrezko Aroko burdinazko ikurrak bere horretan iraun du.
XIX. mendearen bukaera aldean, itsasadarra trabaz eta egokieraz nahasturiko arragoa zen: itsasontzi-trafiko handia, marea biziak, haizete beldurgarriak eta milioi erdi bidaiari urtean ertz batetik bestera txalupetan igaroz, nola edo hala ontziratuz eta lehorreratuz, nabigazioaren behaztoparri.
Zubi bat baldintza horietan eraikitzea gaitza zen, oso. Baina ez ezinezkoa. Goizalbako langarra bezala, itsasadarreko uraren gainean zabalkunde ekonomiko eta urbanistiko baten lainoa lehertzear zegoen. Inoizko aberastasunik handiena zeukan Bilbok esku-eskura, bere etorkizunaren jabe eta gidari.
Burdin-mearen ustiatze masiboa hasi zen, esportazioari begira. 25 kilometro luze baino gehiagoko burdin-zain jori batek, zeinari esker Koroa Espainiarrak aurretik inperioko herriak eraldatzea lortu baitzuen, une horretan harritzeko moduko loraldi kapitalista ekarri zuen, esportazioaren eta industriagintzaren sarearen bitartez.
Meatzaritzaren trafikoak ontzi-konpainien zabalkundea ekarri zuen, eta, horren ondorioz, baita beste hainbat jarduerarena ere. Askotariko banku modernoak jaio ziren, konpainia hidroelektrikoak, aseguruenak, kimikoak, paper-konpainiak… Azken batean, eredu ekonomiko berri bat ernatu zen, kapitalismo industrialean goitik beheraino sustraituta.
Aurreko burgesia merkantil tradizionalak plutokrata berriekin bat egin eta elite ekonomiko oparo bat sortu zen, hor mende aldaketaren garaitsuan. Bilboko burgesia eraginkor honek emango zuen Abra ingurua eraldatzeko bultzada, eta Bizkaia Zubia izango da industria zibilizazio jaioberriaren garaitza-arkua.
Goi-agintariz osaturiko gizarte-klaseak Portugaleteko Erdi Aroko hiribilduan eta Getxoko hareatzetan ezarri zituen bere uda garaiko bizitegiak. Itsasadarraren ezkerraldeko gainerako eremuan, ordea, egundoko industria garapena piztu zen, eta horrekin batera, ordurarteko paisaia aski idilikoaren gainbehera hasi.
Orduko Getxon eta Portugaleten "glamour" halako bat senti zitekeen, Brighton, Montecarlo, Baden-Baden edo Montecatini hirietakoaren antzekoa, edo gertuago Donostiaren kutsukoa. Ezkerraldeak, bitartean, Manchester, Gales edo Rhur-en arroako eredua islatzen zuen.
1893an, zubia eraiki zenean, udako turismoa zen Getxo eta Portugaleten jarduerarik nagusia. Baina poliki-poliki, industriagintzak Portugaleteko hondartza "jan" zuen heinean, burgesiak Getxora jo zuen. Bizkaia Zubiak, Bilbo eta Getxo arteko tranbiak bezala (horra burdinazko taupadak ematen dituen beste tramankulu bat, 1893an inauguratua) inguruko bizitegiak behin betiko finkatzeko bidean oinarritu zuen bere bideragarritasuna. Eta hori ez zen Europako beste antzeko zubi askotan hala gertatu, denborarekin galdu egin baitziren.
Bizkaia Zubia kultura industrialaren lekuko miragarria da, ez bakarrik materialak eta teknikak XIX. mendeko bigarren erdialdeko Industria Iraultzako adierazgarrienak direlako, ezpada ere herri batek bere natura-inguruan egokitzeko eta bizimoldea hobetzeko ahaleginean, bai eta herritarren arteko komunikazioa errazteko bidean ere, ingeniaritzaren garaipentzat har daitekeelako.
Ehun urte baino gehiago igaro eta gero, Bilboko itsasadarraren bi ertzak lotzen dituen monumentua bere betiko tokian dago, XIX. mendean eraiki zenetik hona bere benekotasunari eutsi dio, oso-osorik, bai eraketari bai jatorrizko diseinuari dagokionez, eta bai lehengaiei eta konponketa-teknikei dagokienez. Leial atxiki ditu, beraz, orduko kokalekua, izpiritua, erabilera eta adierazpidea. Babes-neurri legezkoak ditu, gainera, eta kudeaketa-bide egokiak, ondorengo belaunaldiei begira ere kontserbazio egoera onean segitzeko.