Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Portugaleteko Zubia

Zubia | Munduan lehena | Burdinaren Urrezko Aroa | Ametsa edo negozioa | Mundu osoko herentzia | Zubi transbordadoreen sarea

Ametsa edo negozioa

Jatorrizko proiektua (ikuspegi orokorra)Biak biltzen ditu zubiak. Alberto de Palacio-k 1887an ezagutu zuen Ferdinand Arnodin kontratista. Frantsesa txundituta geratu zen Palacio-ren proiektuarekin eta berak aurretik erabilitako kable bidezko zubigintzaren teknikak jakinarazi zizkion. Horrenbestez, transbordadore den aldetik, Palacio-ren sorkaria da Bizkaia Zubia, eta esekia den aldetik Arnodin-en emaitza. Zorionez, ametsa eta negozia biak batzen ditu; horregatik da hain zuzen originala eta berritzailea.

Ferdinand ArnodinZubia bera bezain berritzailea da hura finantzatzeko erabilitako diru-iturria. Itsasadarren bazterretan dirutza handiak egiten ari ziren une hartan bertan; diru-oparotasun horren jabeak ez ziren ausartu bi ertzak burdinazko zubi batez lotzeko proiektuan esku hartzen, ez meatzaritzako handikiak, ez ontzi-jabe aberatsak, ez bankariak ezta Penintsulako  siderurgia-gune handienaren patroi dirudunak ere.

Alberto de Palacio ElissagüeProiektuaren izaera berritzaileak atzera eragiten die Bilboko finantzen Olinpoan bizi diren handi-mandiei, fidagaiztasuna erakusten dute. Tarte laburreko bidaiari-garraioa ere ez zaie negozio emankorra iruditzen. Baina merkataritza eta industria munduko hamabi enpresari apalek, ordea, kemen biziz ekin zioten proiektuari. Horien artean bat nabarmendu zen, lanaren benetako enpresa-gizon gisara: Santos López de Letona.

López de Letona-ren garrantzia bereziki azpimarratzekoa da, Euskal tradizio ekonomikoaren eredu-eredukoa delako: indianoa, Amerikan aberastutako etorkina alegia.

Europara dirutza oparo batekin itzulita, Zubiaren proiektuan inbertitzea erabaki zuen, industriaren aurrerabidean zeukan sinismen itsuaren erakusgarri, etorkizunari aurrea hartzeko sen berezia agertuz. Baltzuan diru-ekarpen handiena jartzeaz gainera, portaera bare baina zorrotza azaldu zuen, Palacio, Arnodin eta Konpainiako kideen artean piztutako kalapitak sosegatzeko. Eta ez ziren gutxi izan, ez horixe.

 Jatorrizko proiektua (xehetasuna)Izan ere, Bizkaia Zubia eraikitzeko lanak poliki joan ziren, zailtasunez eta ika-mikaz beterik. Hasierako proiektua ez zen konplitu, ez baldintza teknikoei dagokienez, ezta baldintza ekonomikoei eta epeei dagokienez ere. Aski da esatea  hasi, 1890ko abuztuan hasi zirela, giro ezin baikorrago batean; baina 1891n izugarri geldoa zen lanen aurrerapena, lege-arazoak, eraikitzailearen errezeloak eta bazkideen mesfidantza tarteko zirela. Halako moduz non monumentua, egin ez egin, arrisku bizian  egon zen proiektua.

Palacio zuzendari teknikoaren eta Arnodin kontratistaren arteko desadostasunak berehala sortu ziren. Arnodin-en gogoan enpresa-ikuspegia zegoen, eta Palacio-renean zubiak amets pertsonal bizi-bizia irudikatzen duen, etengabeko hobekuntzaz hornitua eta behin betiko planorik onartzen ez zuena.

Halabeharrez, frantsesaren pragmatismoak talka egin zuen euskaldunaren neurriz gaineko iruXehetasunadimenarekin. Inbertitzaileek ez zuten ulertzen sortzailearen eta negoziatzailearen arteko dema hau, eta mesfidantzaz ikusten zuten nola ari ziren norgehiagoka. Gainera, atzerapenez atzerapen Administrazioak lan-baimena berritu ezik,  haien aurrezkiek erreka joko zutela jakitun ziren, eta horren estuasuna areagotzen zien.

Lana hain zen berritzailea eta arkitektoaren burua gogotsua, non transbordadorea eraiki ahala aldatuz baitzihoan, eta aldatu ahala birsortu. Aurrez ikusteko sen handia erakutsiz, halako batean Palaciok proposatu zuen zubian "kafetegiak edo jatetxeak, igogailuak eta goiko pasarela bat" jartzea. Igarri zuen egituraren ahalak aisiarako baliabide bikainak eskaintzen zituela, adibidez Abrako hondartzetako udako giroan integratzeko.

Bazkideek begi onez hartu zuten ideia, baina Arnodin-ek mesfidantzaz erantzun zuen: berarentzat hasierako proiektua "eraikin arin merke bat" zen. Palacio-k eta Arnodin-ek eskuz esku jarraitu zuten aurrera, gehienetan zalantzati eta elkarri atzerapenen erantzukizuna egotziz: batak besteari fabrikazioa oso motel zihoala leporatuz, eta besteak sendaezinezko maladie des changements  (aldaketa-gaixotasuna) halako bat zuela aurpegitaruz.

Baina, eragozpenak eragozpen, Bizkaia Zubia eraikitzeko lanean tematuriko gizataldeak gogor eutsi zion proiektuari, Alberto de Palacio-ren fedeaz kutsaturik eta garrantzi aparteko lan  bat egiten ari zirela sinestuta. Ez zuten huts egin.

 Jatorrizko proiektuaMekano erraldoia bukatzeko falta zen azken pieza 1893ko uztailaren 15ean iritsi zen bertara: "Henri David" elikatzeko ur-punpa bat zen, Orleáns-en egina. Azkar muntatu zen dena ondoko etxe baten lehenengo solairuko arkuen gaineko plataforma batean. 24an zubia prest zegoen probatzeko. Makinak dardara egin zuen, ontzitxoa mugitzen hasi zen, kableak tenkatu eta, guztiarekin ere, metalezko hezurdura handiak zurrun eutsi zion, ez gezi ez bibrazio. Zubiak funtzionatzen zuen. Gaur egun ere bai.

Azken eguneratzea: 2016/09/07