Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Zer dira biosfera erreserbak

Biosfera Erreserbak Unescok bere Man & Biosphere programaren barnean sortutako figurak dira, eta hiru helburu dituzte: natura kontserbatzea, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa, ezagutza zientifikora eta jasangarritasunerako hezkuntzara zuzendua. Esperimentazio-eremu eta esperientzia-laborategi gisa konfiguratzen dira, haietan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka lortzeko helburuarekin.

Urdaibai Biosfera Erreserbak 22.000 hektarea ditu. Erreserban itsaslabarrak, mendiak, hondartzak, estuarioan elkartzen diren ibaiak eta lurpeko urak, leizeak, baso naturalak, biodibertsitate handia eta ondare geologiko ordezkaezin bat ditugu. Horiez gain, aztarnategi arkeologikoak, Erdi Aroko gazteluak eta dorretxeak, baserriak eta arrantza-portu txikiak daude. Halaber, eskaintza gastronomiko bikaina du, eta aisia-jarduerak egiteko aukera interesgarriak eskaintzen ditu: bizikletaz edo oinez egiteko bideak, surfinga eta birdinga, besteak beste.

Erreserba osatzen duten baliabide natural eta kulturalei eusteko eta biodibertsitatea eta garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra sustatzeko, UNESCO erakundeak MaB (Man and Biosphere) programan txertatu zuen Urdaibai 1984an, Biosfera Erreserba deklaratu zuenean. Geroago, Eusko Legebiltzarrak 1989ko uztailaren 6an Urdaibai Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeari buruzko 5/1989 Legea onartu zuenean, izendapen hori irmotu egin zen. Adierazitako legeak erregimen juridiko berezi bat ezartzen du eremu horretan gauzatu nahi diren ekintzentzat.

Kontserbazio funtzioa baliabide genetikoak, espezieak, ekosistemak eta paisaiak babestera zuzenduta dago.

Aberastasun natural handiko erreserba da: 729 fauna-espezie, 821 flora-espezie, 86 habitat, interes geologikoko 52 leku, Kontserbazio Bereziko 3 Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu bat (HBBE). Eremu horiek Natura 2000 Sarean zerrenaduta daude. Natura-intereseko Ramsar Hezegunea da 1993. urtetik, eta galzoriko edo Batasunaren intereseko 85 espezie biltzen ditu.

15.000 urteko historia eta elkarbizitza izan da gizakiaren eta ingurune naturalaren artean, eta horrek ondare arkitektoniko, historiko, kultural eta artistiko garrantzitsua utzi du Urdaibain. Horren adierazgarri ditugu, besteak beste, honako hauek: Santimamiñeko leizea, Ereñozarreko gaztelua, Omako basoa, Euskara, Gernikako Arbola, errituak, ohiturak eta kondairak…

Garapenaren funtzioak hazkunde ekonomiko eta giza garapen iraunkorra sustatzen du ikuspegi soziokultural eta ekologikotik. Testuinguru horretan, hainbat produkzio jarduera burutu ahal izango dira, gaur egungo arautegi nazionalaren menpe egon behar direnak, garapen iraunkorraren hiru zutabeak bermatzeko eta indartzeko: gizarte, ekonomia eta ingurumenaren babesa.

Urdaibai entsegu-laborategia eta jardunbide egokien esportatzailea da garapen iraunkorreko ereduen ezarpenaren arloan. Horretarako, funtsezkoa da ekosistemek gizakiari eskaintzen dizkioten zerbitzuekiko errespetua sustatzea eta erreserbaren garapen sozioekonomiko iraunkorra, inguruneari buruzko ikerketa eta herritarren heziketa bultzatzea. Era horretan, hurrengo belaunaldiek arbasoen ondareaz gozatu ahal izango dute.

Logistikako funtzioaren xedea da kontserbazio eta garapen iraunkorraren inguruko tokiko, nazioko eta globalarekiko ikerketak, ingurumen hezkuntza, prestakuntza eta jarraipen jarduerak sustatzea.

Ezagutzen ez denak interesik ez duela eta balioesten ez dela premisatzat hartuta, bi ildo lantzen dira Urdaibain: ikerketa eta hezkuntza. Horien bidez, Urdaibai Biosfera Erreserbari esleitutako balioak sendotu, horien inguruko ezagutza-mailan sakondu edota ezagutza berriak eskuratu nahi dira.

Lehena datu zientifiko eta teknikoetan oinarrituta dago, eta euskarria da Urdaibai eremuan kudeaketarekin eta plangintzarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko. Bigarrenarekin, berriz, lortutako datu zientifikoak eta teknikoak ikasleek, herritarrek oro har eta bisitariek erraz ulertzeko moduko hizkuntza batean azaltzen dira.