Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Oka ibaiaren Goi Estuarioko Leheneratze-proiektua

Oka ibaiaren estuarioa Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean dago, eta bertako elementurik erakargarrienetako bat da. Estuarioa eta bere arroa Biosfera Erreserba gisa izendatu zirenean, onartu zen garapen iraunkorraren erreferentzia bihurtzea. Horretarako, eredu horri esleitutako oinarrizko hiru ildoak sustatu ziren: natura- eta kultura-baliabideen kontserbazioa, garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra, eta ingurumen-hezkuntzako eta ikerketako proiektuak burutzeko laguntza logistikoa.

Geroago, 2004ko abenduaren 7an, Europar Batasunak Urdaibaiko itsasertzak eta padurak (ES2130007) Natura 2000 sarean batu zituenean, Oka estuarioan kontserbazio ildoa sendotu zen.

Helburu horiek jarraituz, hainbat jardun egiten ari dira goi-estuarioko ekosistema naturalak eta ondare naturala kontserbatzeko eta leheneratzeko, auzoetako oinezko eta bizikletan oinarritutako konektibitatea hobetzeko, eta bertako herritarrei eta kanpokoei dagoen ondare natural eta kulturalera hurbiltzeko. Ingurumen-balioen artean, aipatu beharra dago estuarioko inguruneetan dagoen biodibertsitate zabala.

Animalia-espezieen artean, bisoi europarra, mokozabala eta arrano arrantzalea azpimarratu behar dira. Landarediari dagokionez, espezieak uholde-eraginera eta gazitasunera egokitzeko moduaren adibide interesgarria da goi-estuarioa, baita lurraldeko giza erabilera eta aprobetxamenduekiko bateragarritasunaren adibidea ere. Erabilera eta aprobetxamendu horien ondorioz, lurraren konfigurazioan paisaia anitzen mosaiko bat dugu, padurei eta estuarioari lotutako ihidiek, lezkadiek eta landaredia halofiloak osatutako paisaiekin hasi eta baso-paisaiekin eta nekazaritza- eta baso- paisaiekin amaitzeraino. Azken paisaia mota horietan, landazabal atlantikoko paisaia osatzen duten zelaiak, larreak eta artadi kantauriarra azpimarratu behar dira.

Goi-estuarioak, halaber, kultura-ondare aberatsa du, materiala (ermitak, iturriak, errotak, baserriak, elizak eta abar) zein immateriala (usadio, mito eta kondairei lotua).

Oka ibaiaren goi-estuarioko ondare naturalaren eta kulturalaren leheneratze integrala egiteko eta ondare horri balioa emateko proiektuak honako helburu hauek ditu: estuarioaren funtzionaltasun hidrikoa neurri batean berreskuratzea, ibai- eta estuario-habitatak leheneratzea (inguruko espezieen biodibertsitate garrantzitsuaren euskarri izan daitezen); ingurumen-balio berezia duen inguru hori ezagutzeko, inguru horretaz gozatzeko eta irisgarritasuna eskaintzeko aukera bultzatzea eta sustatzea; eta bertan araututako joan-etorriak sustatu eta antolatzea.

Egindako lanari esker, berreskuratu dira Barrutibaso ingurua eta Oka ibaiaren antzinako ibilguaren funtzionaltasuna Foruan, kendu da itsasadarraren eskuin hegaleko aire linea, hobetu eta egokitu da 14 km-ko ibilbide sare bat, eta pasabide batekin lotu dira itsasadarraren bi hegalak, oinezkoentzat eta txirrindularientzat.

Gainera, eremu horren ondarea zabaltzeko eta ekoturismoa sustatzeko, hainbat interpretazio- eta dibulgazio-baliabide sortu dira. Bideoez, panelez, interpretazio foiletoez eta hezkuntzarako materialez gain; habitat, espezie eta kulturari buruzko informazioa duen smartphone-erako aplikazio bat ere garatu da, goi-itsasadarrean egokitutako ibilbideak modu autogidatuan egiteko.

Estuarioak ekosistema konplexuak dira. Bertan, olatuek, mareak eta haizeak eragindako itsas-prozesuek eta ibai-prozesuek bat egiten dute, eta ur gezak eta gaziak nahastu egiten dira.

Oka ibaiaren estuarioaren kasuan, sedimentuek jatorri bikoitza dute: alde batetik, Oka, Golako eta Mape ibaien ekarpenak (legarrak, limoak eta buztinak), eta, bestetik, itsas ekarpena (kuartzo pikorrez eta maskor zatiez osatutako harea). Ekarpen horien ondorioz, Oka ibaiaren estuarioa sedimentuz betetzen da denborarekin.

Marea-ziklo bakoitzean, itsasotik harea sartzen da estuarioan, eta marea-kanalak bete egiten dira. Bestalde, ibaiak ekarritako sedimentuak paduretan geratzen dira, eta padurak bertikalean hazten dira.

Soinuak

Landazabal atlantikoa azken mendeetan ingurune naturalari eman zaion erabileraren emaitza da. Nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak sortu duten ekosistemak, giza jardueraren emaitza izanik ere, balio ekologiko eta kultural garrantzitsuak ditu. Landazabal horretan, zelaiak, sail landatuak, palaxuak eta zuhaiztiak daude, eta ingurune mota asko eta asko aurki daitezke bertan. Horregatik ditugu, hain zuzen ere, biodibertsitate-maila handiak lurraldean.

Gainera, landazabal atlantikoko ekosistemak zerbitzu ugari eskaintzen ditu, hala nola ondasunen hornidura (elikagaiak, ura eta abar), erregulazio-zerbitzuak (ziklo hidrologikoaren kontrola, uholdeei aurre egiteko babesa, higaduraren kontrola, karbonoaren finkatzea eta klima-erregulazioa) eta kultura-zerbitzuak (hezkuntza eta aisia). Landazabal atlantikoa zaintzea funtsezkoa da zerbitzu horiei eta, beraz, gizakien ongizateari eusteko.

Landazabal atlantikoaren barruan baserriak azpimarratu behar ditugu, gizakiak lurraldean egindako jardueraren isla gisa. Bertako baratze-produktu asko inguruko merkatuetan eros daitezke. Goi-estuarioko baserrien eraikuntza-materialik ohikoenen artean, kareharri gorriak eta grisak eta hareharri horiak aipa daitezke. 

Soinuak

Oka ibaiaren goi-estuarioak ez du itxura bera izan historia osoan. Hainbat prozesu natural eta antropikoren ondorioz, zenbait aldaketa gertatu dira, gaur egungo paisaia osatu arte. Horrela, beraz, gaur egungo paisaia gizakiaren eta naturaren arteko mendetako elkarreraginaren emaitza dela esan daiteke.

Historiaurrean (duela 34.000 urte inguru), ibai-haran bat zegoen gaur egun estuarioak hartzen duen eremuan. Paduren garapena duela 4.500 urte hasi zen, estuarioa sortu zuen itsas mailaren igoera moteldu eta ibai-ekarpenek gora egin zutenean.

XVI. mendetik aurrera, biztanleek era komunalean ustiatu zituzten padurak, abeltzaintza- eta nekazaritza-erabileretarako eta beste zenbait erabilera osagarritarako (hala nola ehiza, arrantza eta itsaski-bilketarako).

XIX. mendean, padurak lehortzen eta azpiegitura garrantzitsuak (kanala eta trenbidea) eraikitzen hasi ziren, eta horren ondorioz, goi-estuarioko funtzionaltasun ekologikoa murriztu egin zen.

XX. mendearen erdialdean, lehortutako eta laborantzarako prestatutako padurak utzi egin zituzten. Zenbait eremutan, padurak itsasgoraz babesten zituzten dikeak edo munak suntsitu egin ziren itsasgoraren indarrarekin, eta padurak leheneratu egin ziren pixkanaka. Munek zutik iraun zuten laborantza-eremu abandonatuetan, berriz, landare-espezie exotikoak eta inbaditzaileak ugaldu ziren. Guztien artean, Baccharis halimifolia espeziea nabarmendu behar da. Izan ere, espezie inbaditzaile horrek eragotzi egiten du padurako berezko landaredia hazteko aukera, eta mehatxu larria da estuarioko ekosistemaren kontserbaziorako.

Gaur egun, administrazioa zenbait ekimen egiten ari da ondare naturala eta kulturala zaintzeko eta leheneratzeko. Bereziki, padurak ingurumen-arloan hobetzeko lanak egiten ari da, narriatutako habitat horiek leheneratzeko. Kortezubiko udal-mugartean dagoen Barrutibasoko hezegunea horren adibidea da. 2009. urtean, Eusko Jaurlaritzaren Urdaibai Biosfera Erreserbaren Bulego Teknikoak leheneratu egin zuen hezegune hori, Urdaibai Fundazioarekin lankidetzan (Lurgaia Fundazioa da gaur egun). Munak handitzearen bidez, hezegunea istiltzea lortu zen. Era horretan, itsasgorak, Uzendaerreka errekak eta Iturbide iturburuak ekarritako ur gazikarako lamina iraunkor bat sorrarazi zen. Leheneratze horri esker, horrelako inguruneetara egokitutako bertako landaredia berreskuratu da (ihidiak eta lezkadiak), eta hegazti-espezie ugarik habia egiteko, atseden hartzeko eta elikatzeko habitat aproposa hobetu da. Hegazti-espezie horietako batzuk migratzaileak dira, hala nola koartza hauskara (Ardea cinerea). Era berean, lagungarria izan da interes eta kalteberatasun handiko beste fauna-espezie batzuk kontserbatzeko, hala nola arrain arantzaduna (Gasterosteus gymnurus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola).

Oka ibaiaren goi-estuarioaren inguruko lurraldeko kultura-bilakaera iraganetik geratu zaizkigun aztarnetan hauteman dezakegu. Aztarna horiek kultura-ondare material zein immaterial aberats baten berri ematen digute; horiek, estuarioko ingurumen-balioekin batera, ondarearen erakargarritasuna eta balioa handitzen dute.

Kultura-ondare materiala estuarioan bertan edo inguruetan kokatutako ermita, iturri, errota, baserri, eliza eta abarrek osatzen dute. Antzinatik bizi izan da gizakia estuarioan, eta horregatik dago kultura-ondare handia bertan. Horien artean, honako hauek azpimarra daitezke: Goi Paleolitoko aztarnak eta labar-pinturak (Santimamiñeko leizea), Bizkaian dagoen erromatarren garaiko aztarnategirik garrantzitsuena (Foruko Kokalekua), erlijio-arkitekturaren adibide ugari (ermitak –San Esteban eta San Lorentzo– eta elizak –Tourseko San Martin eliza–), eraikuntza zibilak (baserriak –Enderika-Haundi–, dorretxeak –Erreserbari izena ematen dion Urdaibai dorretxea– eta gazteluak), eta beste industria-elementu batzuk (errotak –Koba-Errota eta Portupin–, fabrikak –Tenería Vascongada eta Muruetako Teileria–, iturriak eta abar).

Bestalde, kultura-ondare immateriala tradizio, mito eta kondairei lotuta dago. Euskal mitologiaren barruan, pertsonaia eta kondaira ugari ditugu. Horien artean, honako hauek aipa daitezke: Basajauna (basoko jauna, alegia), Gernika-Lumoko Amille baserriaren aurrietan agertzen ziren sorginak, edota ibaien inguruan ilea urrezko orrazi batez orrazten zuten eta hurbiltzen zitzaizkien gizonak limurtzen zituzten lamiak (ahate-oinak zituzten emakume ederrak). 

Soinuak

Goi-estuarioan ingurune asko ditugu, lezkadiekin hasi eta itsasadarreko meandro-itxurako kanalekin amaitzeraino. Horrela, beraz, biodibertsitate zabala dago. Horren ondorioz, bizitzaren zikloaren maila guztiak daude ordezkatuta estuarioan.

Urdaibaiko padurak dira euskal kostaldeko handienak eta hobekien kontserbatuta daudenak; bertan nahasten dira, hain zuzen ere, Oka ibaiaren ur gezak eta Kantauri Itsasoko ur gaziak. Interes handiko gunea da hegazti zaleentzat, inguru hori atseden hartzeko edo negua igarotzeko erabiltzen duten hegazti migratzaile asko ikus daitezke-eta. Urdaibairen garrantzi ornitologikoa dela-eta, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) deklaratu zuten 1994an. Jendeak hegazti horiek era sinplean eta erosoan, eta inolako eragozpenik gabe behatu ahal izateko, bi behatoki instalatu dira Oruetako hezegunearen bi aldeetan, eta hegaztien ikerketa eta dibulgazio zientifikorako Urdaibai Bird Center zentroa eraiki da.

Limikoloen eztei aurreko pasea apirilaren hasieran hasten da, eta ekainaren hasierara arte irauten du. Espezieen artean, txirri lodia eta arrunta (Calidris canutus, Calidris alpina) eta txirritxoa (Charadius sp.) azpimarra daitezke. Eztei ondoko migrazioak, berriz, abuztutik urriaren amaierara arte irauten du, eta migrazio hori egiten duten espezieen artean, mokozabala (Platalea leucorodia) aipa daiteke.

Ornogabeen artean, moluskuak, anelidoak eta krustazeoak ditugu. Substratu limotsuak dituzten eta marearen eraginik handiena duten eremuak hartzen dituzte.

Eremu heze horretako animalia-biozenosia osatzen duten ornodunen artean, arrainak, anfibioak, narrastiak, uretakoak ez diren hegaztiak eta ugaztunak ditugu. Horiekin guztiekin, sistema horretan bizi diren espezieen zerrenda oso luzea dela esan dezakegu. Animalia-espezie ugarien artean, honako hauek azpimarratu behar dira: galzoriko espezie gisa katalogatuta eta kontserbatzeko eta ugaltzeko babestuta dagoen bisoi europarra (Mustela lutreola), galzorian dagoen ferra-saguzarra (Rhinolophus euryale), Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan kalteberatzat hartutako arrain hiruarantzaduna (Gasterosteus gymnurus) eta burruntzia (Oxygastra curtisii). Azken espezie horren kasuan, adierazi beharra dago Oka ibaiaren hondoan eta ezpondetan bizi dela espezie horrek Euskal Autonomia Erkidego osoan duen populazio ugaltzaile bakarra.

Azkenik, ikusten ez baditugu ere, eguzkiaren energia eta uretako mantenugaiak baliatzen dituzten organismo asko daude. Kate trofikoaren oinarria dira: bakterioak, fitoplanktona eta zooplanktona.

Soinuak

Goi-estuarioko landaredia anitza da, inguruko baldintzatzaileak sorturikoa. Baldintzatzaile horien artean, honako hauek aipa daitezke: uholde-eragina, gazitasuna, altitudea, lurzoruaren konposizioa eta denboran  zehar egindako giza erabilerak. Hegoalderantz egin eta itsasadarraren ibilgutik urrundu ahala, uraren eta gazitasunaren mailak behera egiten du nabarmen, inguruko landaredia mota aldatuz. Padurari eta estuarioari lotutako paisaien ordez, baso-paisaiak eta gizakiak eraldatutako beste paisaia batzuk agertzen dira, hala nola belardiak eta larreak.

Itsasgoran uholde-eragin erdi-iraunkorra eta gazitasun handiagoa duten eremuetan, paduretako habitaten berezko landaredia dago, hala nola ihiez, askimotzez eta sastrakadi gazi herrestariez osatutako larre gaziak. Bertan dago espezie-dibertsitaterik eta espezie-berezitasunik handiena. Padura horietako espezie batzuk Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan sartuta daude (horien artean, Salicornia eta Suaeda generoetako batzuk).

“Muruetako triangelua” izeneko eremuan, istiltze- eta gazitasun-mailak txikiagoak dira. Bertan, sahasti bat dago. Horrekin batera, Baccharis halimifolia espezie inbaditzailea agertzen da landare-tapiz trinko bat osatuz.

Bestalde, Oka kanalizazioaren bi hegaletan, gizakiak landatutako zuhaitz-ilarak daude: tamarindoak, lizarrak, sahatsak eta espezie exotiko batzuk. Ibilguaren ondoko eremuetan, uholde-eragina eta gazitasuna jasan dezaketen landare-komunitateak agertzen dira. Ibilgutik urruntzen garen heinean, berriz, garaiera handiagoa da, eta uholde-eragina eta gazitasuna txikiagoak. Hori dela-eta, baso-paisaiak dira nagusi, hala nola pinudiak, eta harizti eta artadi kantauriar txikiak. Bi eremu horien artean, sega-belardiak, larreak eta laboreak ditugu.

Oka ibaiaren goi-estuarioko barnealdean, gazitasun txikiko urez bete daitezkeen eremuetan, urik gabe aldi luzeak eman ditzakeen lezkadia (Phragmites australis) agertzen da. Ur gazikararen kantitatea handiagoa den eremu narriatuetan, Juncus maritimus espezieko belardi-ihidiak daude. Horiez gain, gizakiaren eragina handiagoa den eremuetan (baserrien edo bideen inguruetan, adibidez), oso antropizatuta dauden habitaten berezko landaredi erruderala eta nitrofiloa dugu.

Oka ibaiaren estuarioak gizakiontzat onuragarriak diren zenbait zerbitzu sortzen ditu, gizakion bizi-kalitatea baldintzatzen eta hartan eragiten dutenak. Estuarioko ekosistemetako zerbitzuak dira.

Lehenik eta behin, estuarioa janari-iturri agortezina da organismo ugarirentzat. Gizakiok betidanik aprobetxatu izan ditugu estuarioak, hainbat elikagai biltzeko eta horietatik hainbat produktu sortzeko.

Estuarioaren orografia bereziak ziklo hidrologikoa erregulatzeko zerbitzua ematen du, funtsezkoa uholdeei aurrea hartzeko. Era berean, olatuen ekintza indargetzeaz gain, itsas mailaren igoeraren aurkako babesa eskaintzen du, itsasoaren energia behar bezala barreiatzerakoan. Halaber, inguruan bizi direnen osasuna babesten dute, uraren kalitatea hobetzerakoan eta airea garbitzerakoan: lehenengo kasuan, itsas fluxuaren dinamikak uretako kutsatzaileak barreiatzen ditu; eta  bigarrenean, landare-espezieek karbono-dioxidoaren biltegi lana betetzen dute.

Bestalde, ondare naturalak, zein kultural eta etnografikoak, kalitateko kultura-zerbitzu bat eskaintzen dute.

Azkenik, estuarioko ekosistemak biodibertsitate handia ekoizten du, eta horixe da, hain zuzen ere, estuarioak eskaintzen duen euskarri-zerbitzu nagusia, beste hainbat zerbitzuren abiapuntu dena.

Oka ibaiaren estuarioak hainbat ingurumen babes-tresnetan zerrendatua dago, bertako ekosistemak eta horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak zaintzeko arrazoiak sendotzen direlarik. Hala, bertako biztanleen bizi-kalitatea bermatzearen alde ere egiten da.

Soinuak

Deskargatu fitxategia (RAR, 924 MB)

Jarraibideak:

  • Atera fitxategiak ordenagailuan
  • klikatu Urdaibai.exe (Aplikazioa) fitxategian

Fitxategiak flash formatuan daude. Adobe Flash Player ikus-entzunezko artxibotara sartzeko Adobe ekoizlearen dohako sotwarea, Flash (.swf) formatua: Deskargatu Adobe Flash Player

Flash formatua ezin da ikusi gailu mugikorretan.

 

 

 

 

Deskargatu ibilbideak

Ibilbide eta interesguneen fitxategiak KML-KMZ formatuan daude. KML-KMZ formatua datu geografikoak erakusteko erabiltzen da lurreko nabigatzaile batean, hots, Google Earth eta Google Maps.

Azken aldaketako data: