Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Gobernu Kontseiluak Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko Dekretuaren aldaketa onartu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legera egokitzeko

05_06_18_URDAIBAI_(5).jpg

2018.eko ekainak 05

Urdaibai, 2018 06 05

Gobernu Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek proposatuta, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei (GLL) buruzko Dekretua aldatzen duen dekretu-proiektua onartu du.   Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (apirilaren 7ko 2/2016) adierazitako konpentsazio-mekanismoa aplikatzeko behar diren aurreikuspen arauemaileak sartzeko beharrari erantzuten dio aldaketa horrek. Lege horrek ezartzen duenez, konpentsazio-mekanismo bat gaituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gizarte-larrialdietarako laguntzetarako egindako esleipenak baliabide gehiagorekin osatzea erabakitzen duten udalerrientzat. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Horiek horrela, Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretu-proiektuak lau artikulu berri gehitzen ditu:

  1. 34. artikulua gehitu da, eduki honekin:

«34. artikulua.- Udalerriek gizarte-larrialdietarako laguntzetara bideratu dituzten baliabide gehigarriak haiei konpentsatzea. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gizarte-larrialdietarako laguntzetarako egindako urteko esleipena ekitaldi jakin batean baliabide gehiagorekin osatu duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen (apirilaren 7ko 2/2016) zortzigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako konpentsazio-mekanismoa aplikatuko zaie, hurrengo artikuluetan ezarritako terminoetan.»

  1. 35. artikulua gehitu da, eduki honekin:

«35. artikulua.- Konpentsazioak kalkulatzeko prozedura.  1.- 32. artikuluan adierazitako prozedura amaitu ondoren, gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dagokion aginduaren bidez egindako urteko esleipenari baliabide propioak gehitu dizkioten udalerriak. Horretarako, adierazitako toki-erakundeek egindako urteko gastu osoaren ziurtagirietan jasotako datuak hartuko ditu erreferentziatzat. Ziurtagiri horiek dekretu honen 36. artikuluan ezarritako terminoetan egin eta goian adierazitako sailari igorri beharko dizkiote.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egindako hasierako esleipenari baliabide propioak gehitu dizkioten udalerriak identifikatu ondoren, kasu bakoitzean zehaztuko da zenbatean gainditu duten hasierako esleipena, eta gero honela jardungo da:

  1. a) 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak: udalerriak bere baliabideekin erantzungo dio hasierako esleipenetik gainditutako zenbatekoaren herenari, eta Eusko Jaurlaritzak gainditutako zenbatekoaren gainerakoa hartuko du bere gain, gehienez ere hasierako esleipenaren % 30era iritsi arte.
  2. b) 20.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak: udalerriak bere baliabideekin erantzungo dio hasierako esleipenetik gainditutako zenbatekoaren erdiari, eta Eusko Jaurlaritzak gainditutako zenbatekoaren gainerakoa hartuko du bere gain, gehienez ere hasierako esleipenaren % 30era iritsi arte.

Bi kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak esleitutako baliabideak aipatutako ehuneko 30etik gora osatzea erabakitzen duen udal bakoitzak bere baliabide propioekin finantzatu beharko du.»

 

  1. artikulua gehitu da, eduki honekin:

«36. artikulua.- Konpentsazioa justifikatzeko dokumentazioa. 1.- Udalerri bakoitzeko fede-emaile publikoak sinatutako urteko gastuaren ziurtagiriak zehaztu beharko du, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzari ekitaldi bakoitzerako dagokion aurrekontu-muga finkatzen duen urteko aginduan udalerri horretarako ezarritako esleipena, eta, bestetik, udalerriak jarritako aurrekontu propiotik datorren zenbatekoa.

2.- Konpentsazioari dagokion ekitaldian gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabideak hartzeko, haiek bideratzeko, onartzeko eta ukatzeko funtzioak egiteko eta, hala badagokio, laguntza horiei dagozkien ordainketak egiteko foru-aldundira edo partzuergoen zein mankomunitateen bitartez partekatutako formuletara edo beste formula batzuetara jo duten udalen kasuan, udalerria baino lurralde-eremu handiagoko erakunde horien kontu-hartzailetzako zerbitzuaren arduradunari egokituko zaio urteko gastua ziurtatzea, edo, erakunde horien arau organikoen arabera, gastu hori ziurtatzea dagokionari.

Arestian aipatutako kasuetan, urteko gastuaren ziurtagiria termino hauetan jaulki beharko da: Ziurtagiriak banan-banan zehaztu beharko du udalerri bakoitzerako, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzari dagokion aurrekontu-muga finkatzen duen urteko aginduan udalerri horretarako ezarritako esleipena, eta, bestetik, udalerriak jarritako aurrekontu propiotik datorren zenbatekoa. 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak zein biztanle kopuru horretatik gorako udalerriak baldin badaude, ziurtagiriak bereizi egin beharko ditu bi taldeak, eta horietako bakoitzari dagozkion udalerriak eta dagozkien datu ekonomikoak identifikatu beharko ditu, a) letran adierazitakoaren arabera.

3.- Aurreko bi zenbakietan adierazitako ziurtagiriak igortzeko epea konpentsazioari dagokion ekitaldiaren hurrengo urteko otsailaren azken egunean amaituko da.»

 

Eta 37. artikulua gehitu da, eduki honekin:

«37. artikulua.- Konpentsazioaren emaitzazko zenbatekoen transferentzia. 1. Konpentsazioaren onuradun diren udalak eta hari dagozkion behin betiko zenbatekoak zehaztu ondoren, gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zenbateko horiek onartuko ditu, adierazitako erakundeei ordainketa bakarrean ordain dakizkien. 2. Foru-aldundira edo partzuergoen zein mankomunitateen bitartez partekatutako formuletara edo beste formula batzuetara jo duten udalen kasuan, udal bakoitzari konpentsazio gisa esleitutako zenbatekoak ordainketa bakarrean transferituko zaizkie udalerria baino lurralde-eremu handiagoko erakunde horiei.

Gogora ekarri beharra dago Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen (abenduaren 23ko 18/2008) 44. artikuluko 1. zenbakiak honako hau adierazten duela: “Gizarte-larrialdietarako laguntzak diru-laguntzak dira, aldian-aldian emango ez direnak, eta haien hartzaileak hauek izango dira: gizarte-bazterkeria prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezko diren gastu espezifikoei, ohikoei nahiz ezohikoei, aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonak”.