Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Beasain-Zumarragako (Goierri) Lurralde Plan Partziala behin betiko onestea.

Aurkezpena

2009ko irailaren 29an, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 534/2009 Dekretuaren bidez onartu zuen Goierriko Beasain-Zumarragako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Plan hau. Atsegina da guretzat zorroztasun tekniko handiz egindako agiri bat aurkeztea, eta gainera, hitzarmen-konpromiso bati erantzuten diona. Alde horretatik, nabarmentzekoa da erakundeek eta jendarteko taldeek egin dituzten ekarpenen kalitate handia.

Euskal Autonomia Erkidegoa benetako "hirialdea" da, munduko beste hirialde batzuen antzeko eskalako lurraldea duena, eta gaur egun erronka berriei aurre egiten ari dena eta aukera berriak proposatzen, pertsonak bizitzeko eta ekonomia-jarduerak, bizilekuak, aisialdia, kultura, heziketa, azpiegiturak eta naturarekiko harremana gauzatzeko. Euskal Hiria edo euskal hirialdearen ideia etorkizuneko proiektua da, eta euskal lurraldearen egiazko abantaila lehiakorretan oinarritzen da, egun Europako ia herrialde guztiekin batera ditugun lurralde-helburuen ildotik: hau da, polizentrismoa, nortasuna eta hirialde izendatu ditugun errealitate berri horiek eratzen dituzten leku horien arteko osagarritasuna.

Helburu horiek lortzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak lurralde-antolamenduko sistema bat sortu du, osagarriak diren tresnaz osatua: tresna horiek guztiek batera, lurralde orekatuagoa, lehiakorragoa, erakargarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko aukera emango digute. Lurraldea antolatzeko sistema berritzaile horretan, garrantzi berezia hartzen du "tarteko lurralde-eskalak": EAEko Lurraldearen Antolamendurako Jarraibideetan zehaztutako eremu funtzionalak dira (LAJ).

"Tarteko lurralde-eskala" hori eratzeko, eremu funtzional bakoitzaren gaineko lurraldearen zatiko planak (LZP) idazten ari dira. Horietan, eremu funtzional bakoitzaren barruko lurralde-egituraketa egiteko mekanismoak proposatzen dira; eta asmoa, gainera, EAEko hirien sisteman beharrezko oreka lortzea eta hirigune eta lurraldeen joeren artean nahi den bateragarritasuna erdiestea da. Proposatzen diren lurraldeko eta arlokako estrategiekin, hainbat udalerritako herritarrei hornidura, ekipamendu eta zerbitzu hobeak eskaini nahi zaizkie, eta eskualde mailako zerbitzuak eremu bakoitzeko hirigune egokienetatik eskaini nahi dira.

Planean, honako udalerri hauen lurraldea sartzen da: Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga, Gaintza, Zaldibia, Ordizia, Beasain, Lazkao, Ataun, Olaberria, Idiazabal, Segura, Zerain, Mutiloa, Zegama, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Urretxu eta Legazpi, bai eta Gipuzkoa-Arabako eta Gipuzkoa-Nafarroako partzuergo orokorren lurraldeak ere (hurrenez hurren, Aizkorri eta Enirio-Aralarko Mankomunitatea). Planaren helburu nagusia lurralde mailan eragina duten ekintzak koordinatzea da; 16 urteko tartean egin beharko dira ekintza horiek, eremu funtzionalaren garapen jasangarria bermatzeko.

Ingurune fisikoari dagokionez, natura-ingurunea zaindu eta balioa ematea funtsezkoa dela esaten da planean; beraz, bertan sartzen dira Aralar eta Aizkorri-Aratzeko Natura-parkeak eta Oria ibaiaren goiko ibilbidea eta Murumendi eta Gorostiaga Mendiko Naturaguneak. Gainera, eremu funtzionaleko interes handieneko guneen artean eta beste eremu funtzionalekin lotura ekologikoak bideratuko dituen korridore-sarea sortuko da.

Bizilekuen sisteman, egungo buru biko izaera mantendu eta indartzea proposatzen da planean, goragoko mailako hornidurak hartuko dituen maila handiagoko hiri-euskarri bateratua lortzeko eta zerbitzuak eta hirugarren sektoreko jarduerak jarri ahal izateko. Urretxu eta Zumarragako udalerriak bateratu eta Legazpirekiko harremana hobetzeko prozesuarekin jarraitzea ere proposatzen da. Ekonomia-jardueretarako lurzoruari dagokionez, Beasain-Zumarragako korridorea horiek garatzeko esparru estrategikotzat hartzeko proposamena dago.

Ekipamenduei dagokienez, Beasain-Ordizia-Lazkao erpina proposatzen da LZPan, erdiguneak sortzeko faktorean duen potentzialitateagatik, eta esparru egokia delako eremu funtzionalaren mailako kultura-ekipamendua jartzeko. Garraioaren azpiegiturari dagokionez, abian dauden plan eta proiektu garrantzitsuak onartu eta neurri osagarriak proposatzen dira, lurralde-ereduko elementuen artean irisgarritasun eta lotura handiagoa lortzeko.

Azken batean, plan honen asmoa euskal lurraldearen "tarteko lurralde-eskala" artikulatzea da, LAJen norabide estrategikoen garapen gisa; eremu funtzionalari eragiten dioten gai zehatzekiko hurbiltasun handiagoa eskaintzea; eta garapena, lurraldearen oreka eta herritarren ongizatea lortzeko egitasmoa proposatzea.

PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantza sailburua

 

MARIA ARANZAZU TAPIA OLAEGUI

Mugikortasun eta Lurralde

Antolamenduko foru-diputatua

 

Dekretua 

DEKRETUA 534/2009, irailaren 29 koa (leiho berri batean irekitzen da); Beasain-Zumarragako (Goierri) Lurralde Plan Partziala behin betiko onesten duena. EHAA208 zenbakia, urriaren 29koa.

Goierriko Lurrealde Plan Partziala Formulatu eta Bideratzea. (PDF, 14 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

Documentazio grafikoa

Antolamendu-planoak

Informazio-planoak

Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazio Azterketa Goierriko Eremu Funtzionala

Memoria

Planoak