Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Aurkezpena

Paisaiaren Europako Hitzarmena

Paisia gaiko aurrekari gisa, Paisaiaren Europako Hitzarmena (PDF, 96 KB) ekarri nahi dugu gogora. Europako Kontseiluak 2000. urtean sinatu zuen, Florentzian. Geroago, 2009an, Eusko Jaurlaritzak hitzarmenarekin bat egitea erabaki zuen.

Hitzarmenaren hitzaurrean honela definitzen zen paisaia: «lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita»–; bada, paisaia kontu garrantzitsua da kulturaren, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren esparruan; izan ere, «tokian tokiko kulturen eraketa bultzatzen du eta Europako natur eta kultur ondarearen funtsezko osagaia da, gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria», direla hiriguneak edo landaguneak, direla ingurune hondatuak edo kalitate handikoak, direla aparteko edertasuneko espazioak edo egunerokoak. Paisaia, beraz, lurraldearen funtsezko alderdi bat da eta, ondorioz, elementu giltzarria berori antolatzeko garaian.

Hitzarmenarekin bat egitetik eratorritako konpromisoetako bat da, hain zuzen, paisaia lurralde-antolamenduko politiketan txertatzeko betebeharra. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan jasotako betekizun bat da paisaia-tratamendu berezia izan behar duten ikusizko eremuak katalogatzea, baita paisaiaren egungo itxura urra dezakeen ekintza edo jarduera orori dagokion paisaia-azterlana eranstea ere. Gidalerroetan zehazten denez, gai horiek guztiak Lurralde-planetan garatu beharko dira.

90/2014 Dekretua

Araudi-testuinguru horrekin, 2014an, Eusko Jaurlaritzak Paisaiaren Babesa, Kudeaketa eta Ordenazioari buruzko 90/2014 Dekretua onetsi zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-ordenazioaren barruan. Horren helburua zen mekanismoa normalizatuak finkatzea, aurreikuspen horiek betetze aldera. Horrela, era koherente eta sistematizatuago batean, paisaia lurralde-ordenazioan txertatzeko helburua betetzea lortuko zen.

Dekretuak zenbait tresna identifikatzen ditu, hala nola paisaiaren katalogoak, paisaiaren zehaztapenak, paisaiaren arloko ekintza-planak (PEP) eta paisaia-integrazioko azterlanak. Halaber, Dekretuak bere gain hartzen ditu Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoak, paisaiaren esparruari laguntzeko sentsibilizazioa, prestakuntza, hezkuntza, parte-hartzea eta beste egintza batzuk sustatzeko.

Eragile eta herritar interesdunen parte-hartzeak esangura berezia hartzen du gai honetan, paisaia eta haren garrantzia zuzenean daudelako lotuta lurralde jakin batean lana egiten duten edo bizi diren pertsonen pertzepzioarekin. Ondorioz, Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak eta sektoreko erakundeek paisaiaren esparruan definitutako jarduketa-tresnak eratzerakoan parte-hartze hori bermatzeko konpromisoa hartzen dute. Gainera, paisaiaren politiken diseinu eta ezarpenean gizartearen parte-hartzea sustatzen dute, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bultzatuz.

Paisaiaren katalogoa eta zehaztapenak

Paisaiaren Katalogoan kasuan-kasuko eremu funtzionaleko paisaia identifikatu, sailkatu, balioetsi eta kartografiatzen da, eta hainbat kapitulu deskribatzaile barne hartzen ditu; kasu honetan, eremu funtzionaleko paisaia-unitateak identifikatzeko, ezaugarriak eta indar zein presio eraldatzaileak aztertzeko, balioak eta kontserbazio-egoera zehazteko eta paisaiak bete beharreko kalitate-helburuak proposatzeko». Zehaztapenak paisaiaren katalogoetatik ateratako irizpideak dira; katalogo horietan, paisaiaren kalitatearen helburuak garatzen dira, eta haiek lortzeko neurriak identifikatzen dira, dagokion lurralde-plan partzialean sartzeko.

Herritarren parte-hartzeari dagokionez, paisaiaren kudeaketan herritarrak inplikatzeko, horren inguruan duten pertzepzioa ezagutzeko eta beren nahiak jasotzeko, beharrezkoa da parte hartzeko programa bat izatea, pertsona eta talde guztiei irekia. Horren bidez, paisaiari emandako balio ezberdinak identifikatzeko ahalegina egingo da ikuspegi ezberdinetatik, eta eremu funtzionaleko paisaiarako kalitate-helburuen diagnostiko partekatu bat egingo da. Parte hartzeko prozesu guztietan Internet bidezko kontsultak (Irekia atariaren bitartez), eremu funtzionaleko herri ezberdinetako herritarrekin egindako foroak eta gizarte-agente ezberdinei eta lurralde honen ordezkariei egindako elkarrizketa sakonak dituzte.

Paisaiaren arloko ekintza planak

Azkenik, gogorarazi behar da 2014. urtean paisaia-egintzako planak eratzeko diru-laguntzak emateko deialdiak egin zaizkiela Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, bai eta arabar udalerrietako kontzejuei ere. Diru-laguntza lerro horren helburua hau da: paisaiaren arloko ekintza-planen idazketa sustatzea, aipatutako 90/2014 Dekretuak definitzen duenez, paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko ekintzak zehazteko aukera emango duten tresna gisa, zenbait jarduketa-programaren bitartez.

Paisaian Integratzearen Azterlanak

Azkenik, 90/2014ko Dekretuak paisaiaren integratzearen azterlanak egiteko beharra definitzen du, lan- eta jarduera-proiektu jakin batzuetan. Lurralde Plangintza eta Hirigintza Zuzendaritzak “Paisaian Integratzearen Azterlanak egiteko Gida” bat argitaratu du, Gida hau dokumentu orientagarri gisa plazaratzen da eta azterketa horiek egiteko gomendioak jasotzen ditu.

Dibulgazioa

90/2014ko Dekretuaren 8. artikuluak esaten duenez, paisaia egokitasunez babestu, kudeatu eta antolatzeak duen garrantzi eta eraginaren gaineko sentsibilizazioa, trebakuntza, ikerkuntza eta laguntza jorratzeko jardun aproposak sustatuko dituzte EAEko herri-administrazioak eta EAEko sektore publikoko entitateek, lurralde-antolamendu orekatu eta jasangarri baten barruan.

Horrelako ekintzetatik, Zuzendaritzak garatutako ekintzak nabarmentzen ditugu.

 

Azken aldaketako data: