Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Warner Bros

Estatu Batuetako zinema produkzioko etxea, Harry, Sam, Albert eta Jack Warner anaiek 1923an sortua. Zinema mutuaren garaian Ernst Lubitsch zuzendariak han egin zituen bere lehen komediak eta zinemaren historiako lehen film ahostuna ere, The Jazz Singer (1927), Warnerrek produzitu zuen. Darryl F. Zanuck produktore ospetsua kontratatu zuten eta haren gidaritzapean gangster filmak egin zituzten hasieran: Little Caesar (1931), The Public Enemy (1931) eta Edward G. Robinson eta James Cagney aktoreak ezagutarazi zituen. Gero musikalak ere egin zituzten, 42nd Street (1934); biografia ospetsuak, The Life of Emile Zola (1937), Juarez (1939); abenturazko filmak Michael Curtiz zuzendariarekin eta Errol Flynn antzezlearekin, Captain Blood (1935), The Charge of Light Brigade (1936); zinema beltzeko maisu lanak, The Maltese Falcon (1941) etab. Bigarren Mundu Gerra bitartean, nazien aurkako hainbat film bikain egin zituen: Casablanca (1942), To Have and Have Not (1944), Objective Burma (1945). Gerra ondoren, aktore (John Wayne, Burt Lancaster, Judy Garland) eta zuzendari ospetsuek (Vidor, Huston, Walsh, Curtiz, Hawks, Ford, Kazan, Penn) maila handiko filmak egin zituzten. 1970az geroztik zinemagileen belaunaldi berriak jardun zuen Warnerren, besteak beste: Stanley Kubrick, Arthur Penn, Francis F. Coppola, George Lucas, Sidney Pollack, Martin Scorsese, Woody Allen.