Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Villena, Luis Antonio de

Espainiar idazlea (Madril, 1951). Poeta, narratzailea eta saiakeragilea. Idazkera intelektual preziosista landu zuen hasieran, baina bizi grina eta literatura jakintza batzen duten poema bildumak argitaratu zituen gero. Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen eta 1971n argitaratu zuen bere lehen liburua, Sublime solarium poema bilduma. Haren ondoren El viaje a Bizancio (1970, Bidaia Bizantziora), Hymnica (1979) eta Huir del invierno (1981, Negutik ihesi) etorri ziren. Azken liburu horrek Kritikaren Saria jaso zuen. Bere obra lirikoa Poesia 1970-1984 liburuan dago bilduta. Kontakizun liburuen artean aipagarriak dira Amor pasión (1983, Amodio grina), Chicos (1989, Mutikoak) eta En el invierno romano (1986, Erromako neguan), beste batzuen artean. Eleberriei dagokienez, Fuera del mundo (1992, Munduaz kanpo), Divino (1994, Jainkozkoa), El burdel de Lord Byron (1995, Lord Byronen burdela), eta El charlatán crepuscular (1997, Berritsu ilunabarreko) ditu aipagarrienak. Azkeneko horretan Oscar Wilderen bizitza aztertzen du. Lehenago ere bazuen irlandar idazleari buruzko saiakera bat argitaratua. Bestalde, saiakeren artean, Dados, amor y clérigos (1978, Dadoak, amodioa eta elizgizonak), Corsarios de guante amarillo (1983, Eskularru horiko kortsarioak), Leonardo da Vinci (1993) eta Carne y tiempo (1995, Haragia eta denbora) ditu garrantzitsuenak. Azkeneko horretan Constantinos Cavafis poeta du aztergai.