Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Villon, Jacques

Frantses pintorea (Damville, Eure, 1875 - Puteaux, 1963). Suzanne Duchamp, Raymond Duchamp-Villon eta Marcel Duchamp artisten anaia zen. Zuzenbideko ikasketak egiteko prestatu zen baina 1894an Parisa joan eta pinturako ikasketak egin zituen. Aldizkarietarako marrazkiak egin zituen 1894-1906 bitartean eta 1906an bere koadroak egiten hasi zen. Bere lanetan kubismoaren eragina antzematen da; ordena geometrikoaren arabera konbinatu eta margotutako planoetan oinarrituak dira bere koadroak, kolore bizikoak gehienak. Bigarren Mundu Gerraz geroztik erretratuak eta paisaiak irudikatu zituen, batez ere, eta aurrekoak baino lan errealistagoak egin zituen. Villonen lanak oso aintzat hartuak izan ziren kubismoaren formaren analisia eta inpresionisten koloreen erabilera uztartu zituelako; bere garaiko frantses pintoreen belaunaldian eragin handia izan zuen. Koadroez gainera grabatuak eta margolari modernoen lanen kalkografiak egin zituen eta erakusketak antolatu zituen. Zenbait sari irabazi zituen, 1956ko Veneziako biurtekoa, besteak beste.