Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Villena, Enrique de

Espainiar idazlea (1384 - Madril, 1434). Gaztelako Henrike II.aren biloba eta, aitaren aldetik, Aragoiko erregeen leinukoa zen. Henrike III.ak Calatravako ordenako maisu izendatu zuen (hura izan zuen titulu bakarra, ez baitzen konde ez markes, sarritan halakotzat hartua izan bada ere). Armetarako jaidurarik ez zuen, baina bai ikasketarako –matematika, filosofia, astrologia, alkimia–. Liburuetarako eta gai bitxietarako zaletasunak azti ospea ekarri zion, eta hil ondoren Gaztelako Joan II.ak haren liburutegia errearazi zuen. Gorde diren lanen artean aipagarriak dira: Los doce trabajo de Hércules (1417) exegesi mitologikoa, katalanez idatzia eta idazleak berak gaztelerara itzulia; Tratado del arte del cortar del cuchillo edo Arte cisoria (1423), gastronomiari eta mahaian gorde beharreko legeei buruzkoa, egilearen libururik ezagunena; Tractado de aojamiento o fascinología (1425), haren azti ospea areagotu zuena; Arte de trovar (1433), proventzerazko poesiaren baliabideen eta teknikaren berri gazteleraz ematen duena. Bestalde, klasikoak itzuli zituen: Eneida (1428) eta Divina Comedia (1427), gazteleraz egindako lehena. Horregatik guztiagatik Espainiako lehen humanistetako bat izan zen. Haren ospea handia izan zen –azti gisa bereziki–, eta ondoko idazle espainiar anitzek, obra batzuetan, pertsonaia gisa erabili zuten.