Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Villon, François

Frantses poeta (Paris, 1431 - 1463 inguruan). Moncorbier zuen sortzezko deitura –zenbaitetan des Loges ere deitua– eta Guillaume de Villon irakasleari hartu zion abizena. 1499an batxilerra eta 1502an arte maisua izan zen. Bizitza abenturazalea eta gorabehera handikoa izan zuen, ondo ezagutzen zituen gaizkileen ingurunea nola Sorbonako giroa edo apaizena. 1455ean apaiz bat hil zuen emakume batek eragindako borrokan eta Paristik ihes egin behar izan zuen. Kondena barkaturik, sei hilabete geroago Parisa itzuli zen, baina berriro alde egin zuen, lagunekin batera egindako lapurreta bat zela eta. Handik harat bere bizitza gisako gertakarietan nahasia izan zuen. 1462an urkatzera kondenatu zuten baina barkatu zioten. 1463tik aurrera ez da haren aztarnarik aurkitu. Villonen obra hiru milaren bat ahapaldik osatua da: Lais edo Petit Testament (1456, Testamentu txikia); Grand Testament (1462, Testamentu handia); Ballade des pendus (1463, Urkatuen balada). Haren obran lirismoa eta arrunkeria, Amabirjinarekiko eraspena eta amodioa, fede sakona eta inmoralismo gordina nahasten dira; ahaltsuei oldartzen zaie, miseria-lagunekiko samurtasuna adierazten du, eta, aldian aldian, melankoliko eta isekari, gozo eta mendekari ere agertzen da. Frantziako lehen poeta modernotzat hartu izan da.