Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Velázquez, Diego de

Espainiar konkistatzailea (Cuellar, 1465 - Kubako Santiago, 1524). Kubako lehen gobernaria izan zen. Kristobal Kolonen bigarren bidaian joan zen Indietara (1493). 1509an La Española uharteko gobernariak, Diego Kolonek, gudaroste bateko buruzagi izendatu eta Kuba konkistatzera bidali zuen. 1514an, Pánfilo de Narváez-en laguntzarekin, uharte osoa hartzea lortu zuen. Kolonizazio baketsua egitearen aldekoa izan zen, eta indiarren aurkako gehiegikeriak zigortu zituen. 1517an espedizio bat antolatu zuen Yucatango penintsulara, Hernández de Córdobaren gidaritzapean. 1518an Hernán Cortés bidali zuen Mexikora eta buruzagi nagusi izendatu zuen; geroago, ordea, haren izendapena baliorik gabe uztea erabaki zuen. Cortések ez zion jaramonik egin, eta arazo handirik gabe menderatu zuen Velázquezek haren aurka bidali zuen gudarostea (1520).