Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Velázquez, Diego (Rodríguez de Silva)

Espainiar margolaria (Sevilla, 1599 - Madril, 1660). XVII. mendeko espainiar margolari handiena izateaz gainera, munduko artista hoberenetakotzat hartua da. Gutxitan izenpetzen zituen lanak, eta, hori dela eta, koadroen kronologia sarritan estiloan oinarrituta egin da. Haren erretratuen kopia asko egin bazituzten ere, Velázquezek berak ez zituen obra asko egin; hala, 150 baino gutxiago ezagutzen dira gaur egun.  v  Bere jaioterrian, Sevillan, hasi zen lanean, Francisco de Herrera Zaharrarekin aurrena eta Francisco Pacheco maisuarekin gero. Pacheco margolari manierista bazen ere, Velázquezen lehen lanak naturalistak dira, tenebrismoari jarraituz, argi-ilun nabarmenekoak; gaiak berriz erlijiozkoak edo generokoak (egunoroko bizimoduko eszenak) dira. Garai hartan gai berri bat ezagutarazi zuen Espainiako margolaritzan, «natura hila»: sukaldeko ikuspegiak izadi hilekin (Atsoa arrautzak frijitzen). Sevillan egin zituen koadroen artean Magoen adorazioa da Espainian geratu den bakarrenetako bat. 1622an Madrila joan zen, erregearen babesa lortzeko. Bi urte geroago, berehalako arrakasta izan zuen Filipe IV.aren erretratu bat egin ondoren, gorteko margolari ofizial egin zuten. Gortean erregearen, haren ahaideen eta lagunen erretratuak egin zituen batez ere. Lanbide hark erregearen margolan-bilduma, Europako hoberena, ezagutzeko aukera eman zion; hala, Tizianoren obra aztertu ahal izan zuen, eta haren eraginpean Sevillako obretako tenebrismoa baztertzen hasi zen. Bestalde, Rubens bera ezagutzeko aukera izan zuen Madrilen. Hala, Mozkorrak edo Bakoren garaipena koadroak Tizianoren eta Rubensen eragina du, baina, hala ere, Espainiako margolarien jarrera errealista alde batera utzi gabe. 1629an Italiara joan zen. Venezian izan zen lehenbizi, eta Tintorettoren obra ezagutu zuen. Gero Erromara joan zen; han Michelangelo eta Rafaelen lanak aztertu zituen. Erroman Joseren tunika eta Vulkanoren sutegia egin zituen, besteak beste. Hasierako errealismotik urrun daude bi obra horiek. Italiako egonaldian espazioa, perspektiba, argia eta kolorearen erabileran sakondu zuen. Espainiara itzultzean hasi zen Velázquezen aldi emankorrena. Gortean lan egin zuen berriz ere, eta erretratuez gainera gai mitologikoak ere nahiko sarri landu zituen. Erlijio gaiak bakanagoak badira ere, bereziak eta garrantzi handikoak dira, ohi zena baino askoz gizatasun handiagoko interpretazioa egiten baitu haietan Velázquezek (Ama Birjinaren koroatzea). Garai hartako lanetan, zaldi gaineko erretratuetan eta Bredako errendizioa koadro historikoetan ageri den bezala, hiru dimentsioetako efektua lortu zuen, marrazki zehatzik eta argi kontrastasunik gabe, pintzel teknika zabala eta argi naturala erabiliz. Nahiz eta sarritan tradizioari jarraitzen zitzaion, batez ere erretratuetan (Filipe IV.a, 1635; Fernando Infantea, 1632-1635; Baltasar printzea), gorteko erretratu mota berri bat sortu zuen, askeagoa eta naturaltasun handiagokoa. Gorteko bufoien eta nanoen erretratuek, hurrengo urteetan eginak, errege eta nobleenak bezain zorrotzak dira, pertsonaia bakoitzak bere nortasun berezia eta duintasuna ageri duela.  v  1649an beste bidaia bat egin zuen Italiara. Erregearentzat artelanak erosteko aginduaz joan zen, baina aldi berean ikasten eta lanean jarritu zuen. Orduan egin zuen erretratu garrantzitsuenetako bat, Inozentzio X.a Aita Santuarena: Velázquezen obraren azken aldiaren agerkari da erretratu hau, inpresionismoaren aitzindarietako bat izan zena. Horixe izan da urteetan, Espainiaz kanpora, haren obra ezagunena; sarritan kopiatu zuten, eta berehalako ospea lortu zuen Italian. Orobat, bi paisaia ere pintatu zituen, Villa Medicikoak. Velázquezek egindako paisaia hutsen adibide bakarrak dira, askatasun handiz eginak, dirudienez kanpoan margotuak, eta pintore modernoengan, Corot frantsesarengan esate baterako, eragin handia izan zutenak. Italian egina bide da halaber Ispiluko Venus-a, XIX. mende aurreko espainiar pinturako emakume biluzi bakarretako bat. Italiar tradizioei jarraituz egin zuen, baina Velázquezek ez zuen, haiek bezala, bere eredua ez idealizatu ez ezkutatu. Madrilen berriz, gortean jarraitu zuen lanean; erregea bigarrenez ezkondua zen Austriako Marianarekin, eta haien haurrak izan zituen erretratuetako gai, jantzi dotoreen azpitik beren haur nortasuna agerian utziz. Azken urteetan egin zituen lanak bide dira nagusiak: Ehuleak eta batez ere Errege familia, “Las Meninas” deitua. Lehenean, Pallas Atenea eta Arakneren lehiaren greziar elezaharra oinarri hartuta, mitologia eta errealitatea nahastu zituen. Bigarrena mugarri izan da margolaritzaren historian, talde erretratuaren bitartez espazioaren eta argiaren ikerketa sakona egiten baita bertan, ez berak ez bere garaiko beste ezein pintorek gainditu ez zuten errealitate itxura sortuz. Madrilen hil zen, erregearekin Faisaien uharteko konferentzian izan ondoren. Velázquezek jarraitzaile gutxi utzi zituen, eta ez zuen ospe handirik izan XIX. mende hasiera arte. Lehen obra gehienak atzerritarrek erosi zituzten, ingelesek bereziki; azken garaiko obra, ia osorik, Madrilgo Prado museoan dago.