Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vélez de Guevara, Luis

Espainiar dramagilea eta eleberrigilea (Ecija, Sevilla, 1579 - Madril, 1644). Artea eta filosofia ikasi zituen Osunako unibertsitatean. Italiara joan zen soldadu, eta gero Madrilen hartu zuen egoitza, nobleen zerbitzura. Dramagile gisa arrakasta handia izan bazuen ere, oso pobre bizi izan zen beti. Dirudienez, 400 obra baino gehiago idatzi zituen, eta Lope de Vegaren jarraitzaile nagusietako bat izan zen. Bere garaiko genero guztiak (auto sakramental izenekoa, erlijio gaiak, komedia) landu bazituen ere, historiako gai tradizionaletan oinarritutako dramek eman zioten ospea, elezahar heroikoetan (Más pesa el rey que la sangre) nahiz herrikoietan (La luna de la sierra). Vélez de Guevararen drama ezagunenak Reinar después de morir, H. de Montherlantek La Reine morte obraren oinarritzat hartu zuena, eta eleberri pikaresko bat, El diablo cojuelo, dira.