Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Van Dam, Joseph

(José Van Damme deitua). Belgikar baritonoa (Brusela, 1940). 1958an Bruselako Kontserbatorioko kantu eta operako lehenengo saria irabazi zuen, eta ondoren Lieja, Paris, Okzitaniako Tolosa eta Genevako lehiaketak irabazi zituen. Debuta Liejan egin ondoren, 1961ean Parisko Operako taldean sartu zen (bost urtez aritu zen bertan) eta ondoren Genevako Operan (1965-1967). Azken horretan nabarmentzekoa da Darius Milhauden Ama erruduna lana. Ondoren Berlingo Alemaniar Operara deitu zuten, eta munduko hainbat eszenatokitara gonbidatu zuten (Salzburgoko Jaialdia, Milango La Scala, Covent Garden, New York-eko Metropolitan Opera, Chicagoko Opera, Vienako Opera, etab.). Ahots indartsua eta aldi berean tinbre handikoa du, eta bere garaiko artista liriko handienetako bat izan da. Eroso aritzen da opera italiarra, frantsesa edo alemaniarra kantatzen eta oso errepertorio zabala du: Rameau, Mozart, Weber, Berlioz, Wagner, Offenbach, Verdi, Puccini, Debussy, Berg. Olivier Messiaen-ek berari eman zion bere opera bakarraren ardura, Asisko San Francisco hain zuzen (Parisko Opera, 1983).