Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tauziat, Nathalie

Tenislari lapurtarra (Bangi, Afrika Erdiko Errepublika, 1967). Zortzi urte zituenetik Baionan bizi da. Zazpi urterekin hasi zen tenisean jokatzen; 1986an hasi zen profesional gisa, eta berehala heldu zen nazioarteko tenis zirkuitu profesionalera. 1998tik 2000. urtera ATPko zerrendan munduko lehen hamar tenislarien artean sailkatzea lortu zuen, eta WTAko 6 lehiaketa irabazi ditu. 1998an Wimblendoneko lehiaketan finalista izan zen. Bere kirol ibilbidearen urterik emankorrena 1999koa izan zen, Leipzigeko lehiaketa irabazteaz gain, sekula lortu duen garaipenik garrantzitsuena erdietsi baitzuen Moskuko torneoan, 32 urte beteta zituelarik. Haren ondorioz, ATPko zerrendan zazpigarren postuan sailkatzea lortu zuen. Binakako saioetan, berriz, 19 torneo irabazi ditu. 1988 eta 1992ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Frantziako selekzioarekin, eta Gazeko Irekian (Frantzia) 2000. urtean.