Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Strauss, Richard

Alemaniar musikagilea eta orkestra zuzendaria (Munich, 1864 - Garmisch, Bavaria, 1949). Wagner-en ondoren, Strauss izan zen alemaniar eskola neoerromantikoaren musikagile nagusietakoa. Hans von Bülow orkestra zuzendariarekin ikasi zuen orkestra zuzendaritza. 1885. urtean maisuari esker Meiningen-eko orkestra zuzendari izendatu zuten. Ondoren, Munich-eko Operako hirugarren orkestra zuzendaria izan zen (1886) eta Weimar-ko gorteko kapera maisu laguntzailea (1889). 1894. urtean Berlingo operako orkestra zuzendaria izan zen; 1898. urtean, Berlingo musika eskola nagusiko zuzendari orokorra eta konposizio irakaslea, eta azkenik, Vienako operako zuzendaria (1919-1924). Europako hiri nagusietan egin zuen aurkezpena, eta Egiptora ere iritsi zen. Urte askotan musika mota lirikoa landu zuen, baina bizitzako azken urteetan musika sinfonikoa sakondu zuen. Strauss-en lan aipagarriak dira, besteak beste: poema sinfonikoak: Aus Italien (1887, Italiatik); Don Juan (1888); Till Eulenspiegel (1895); Also sprach Zarathustra (1896, Horrela mintzatu zen Zaratustra); Don Quijote (1898); Ein Heldenleben (1899, Heroi bizitza); operak: Der Rosenkavalier (1911, Arrosaren zalduna); Salome (1905); Elektra (1904); Ariadne auf Naxos (1917); Die Frau ohne Schatten (1919, Emakume itzalgabea); Dafne (1938); Arabella (1939); eta Capriccio (1941); musika tresnetarako: Symphonie Domestica (1904); Ein Alpensinfonie (1915, Alpeetako sinfonia); sonatak; kuartetoak; sonatinak haizezko tresnetarako; kontzertuak; balletak; dantza suiteak Couperin-en musikaren gainean; koruak eta lieder-ak (Vier letzte Lieder, 1948, Strauss-en obra ederrenetako bat).