Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stravinski, Igor

Errusiar musikagilea (Oranienbaum, San Petersburgo inguruan, 1882 - New York, 1971). Bederatzi urte zituela hasi zen pianoa ikasten. 1903-1906. urteetan Rimski-Korsakov musikagilearekin aritu zen ikasten. 1908. urtean S. Diaghilev ezagutu zuen, Errusiar Ballet-etako enpresari eta zuzentzailea. Hark eskatuta Suzko txoria (1910) balleta idatzi zuen, Parisen aurkeztu zena arrakasta handiarekin. Handik aurrera, ospe handiko lanak idazten hasi zen, Udaberriaren eskaintza, bereziki, XX. mendeko musikaren giltzarrietako bat izan dena. Italian, Alemanian eta Errusian barrena ibili zen Diaghilev-ekin. Lehen Mundu Gerran Suitzan bizi izan zen, 1920-1939. urteetan Parisen eta azkenik, 1939. urtetik aurrera, Estatu Batuetan, Hollywood-en, batez ere. Stravinskik estilo eta teknika ugari landu zituen bere musikan: errusiar artean eta kulturan oinarritutako musika, doinu, lerro eta erritmo errepikatuak eta musika tresnen moldaketa guztiz berria, jazzaren elementuak, neoklasizimoa, disonantzia eta serieko musika. Idatzi zituen lanetatik aipagarriak dira, besteak beste: operak: Erresinula (1909-14); Mavra (1922); Oedipus Rex (1927); The Rakes’s Progress (1953); balletak: Suzko txoria (1910); Petrouchka (1911); Udaberriaren eskaintza (1911-13); Pulcinella (1920); Ezteiak (1923); musika tresnetarako: Ragtime (1918), 11 musika tresnentzat; Salmuen sinfonia (1930) koru eta orkestrarako; Biolin eta orkestrarako kontzertua (1931); Ebony Concert (1945), jazz bandarako; Hileta eresia J.F. Kennedyrentzat (1964).