Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Streich, Rita

Alemaniar opera abeslaria (Barnaoul, Siberia, 1920 - Viena, 1987). Aita alemaniarra zuen, eta Siberian gerrako preso zegoela, errusiar batekin ezkondu zen. Streich oso gazte zela Alemaniara joan zen familiarekin. Debuta 1943an egin zuen Aussig-eko udal antzokian Richard Strauss-en Naxos-eko Ariana lanean, Zerbinet-en paperean. Berehala Berlingo Staatsoper-eko kide egin zen (1946-1950), eta ondoren Mendebaldeko Berlingo Operan aritu zen 1953. urtea arte. 1952 eta 1953 urteetan Bayreuth-eko Jaialdian Waldvogel papera kantatu zuen Siegfried lanean eta 1953an egin zuen Vienako Operan debuta. Opera horretako taldeko kide izan zen 1956-1972 urteen bitartean. 1954. urteaz geroztik, behin baino gehiagotan aritu zen Salzburgoko Jaialdian. Urte horretan bertan Covent Gardenen debutatu zuen eta Erromako Operan kantatu zuen. Ondoren Aix-en-Provenceko Jaialdian (1955) eta Glyndebournekoan (1958) kantatu zuen. 1957an egin zuen lehenengo bira Estatu Batuetan. 1970eko hamarraldian irakaskuntzan hasi zen lanean: Essen-eko Folkwang-Hochschuleko irakasle izendatu zuten 1974an, interpretazio eskolak eman zituen Salzburgoko Mozarteum-en eta 1976an Vienako musika akademiako irakasle izan zen. Frantzian hainbat interpretazio ikastaro eman zituen, Nizako arte lirikoko zentroko zuzendari izan aurretik (1983).