Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Strawson, Peter Frederick

Ingeles filosofoa (Londres, 1919 - 2006). Oxfordeko University Collegen filosofia irakaslea izan zen 1948az geroztik. Ryle eta Austinen ondoren, Oxfordeko filosofia eskola analitikoaren ordezkari nagusia izan zen. Hizkuntza arrunta eta horren erabilera aztertu zuen, baina bere taldeko pentsalari batzuek baino sistematikoagoa eta modu teorikoago batez egin zituen azterketak. Strawsonek aztertu zuen arazo nagusietako bat Russellen deskribapenen teoriaren kritika izan zen: On the Referring (1950). Azpimarragarria da, halaber, Individuals. An Essay in Descriptive Metaphysics (1959, Banakoak. Metafisika deskribatzaileari buruzko saiakera bat) obran "metafisika deskribatzailearen" eta "metafisika errebisionistaren" arteko bereizketa egin zuela. Metafisika deskribatzaileak agerian jartzen ditu gure egitura kontzeptualaren alderdi orokorrenak eta aldaezinenak –gure pentsaera eta lengoaiaren kategoriak eta kontzeptuak–, eta metafisika errebisionistak, berriz, gure sistema kontzeptual eraginkorra hobetzeko balio du. Azken horrek zeresan handia baldin badu ere filosofian, bere helburu nagusia metafisika deskribatzailea eta horren ordezkari nagusiak (Aristoteles eta Kant alegia) zerbitzatzea da. Beste zenbait lan aipagarri: Introduction to Logical Theory (1952, Logikaren teoriari buruzko sarrera); The Bounds of Sense: An Essay on Kant's Critique of Pure Reason (1966, Zentzuaren mugak: Kanten Arrazoi Garbiaren Kritikari buruzko saiakera bat); eta artikulu eta azterlan ugari, aldizkarietan argitaratuak.