Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Spender, Stephen Harold

Ingeles poeta eta kritikaria (1909 - 1995). Londres eta Oxforden egin zituen ikasketak, eta Auden, McNeice eta Isherwodd ezagutu zituen. Gero Alemanian bizi izan zen denboraldi batez, Hanburgo eta Berlinen, Isherwood estatubatuar antzerkigile eta eleberrigilearekin batera. 1930ean Twenty Poems (Hogei poema) argitaratu zen, bere poema politiko eta pertsonalen bilduma bat. Gero kritika lan bat idatzi zuen, The Destructive Element (1935, Elementu suntsitzailea); obra horretan H. James, T. S. Eliot eta Yeats-en obra aztertu zuen, besteak beste, eta literaturan arazo politiko moralak aztertzeko beharra adierazi zuen. Espainiako Gerra Zibilean Espainia errepublikanoaren aldeko deiadarra egin zuen, The Still Centre (1939, Mugitzen ez den zentroa) poema bilduman ikus daitekeen bezala. Bizitzan zehar bere pentsamendu politikoa aldatuz joan zen, poesia eta kritika lanetan ikus daitekeen bezala: The Creative Element (1953, Elementu sortzailea) obran hasierako iradokizunetako batzuk zuzendu zituen, eta gizabanakoaren sormen ahalmena eta erresistentzia nabarmendu zituen; World Within World autobiografian (1951, Munduaren baitako mundua) alderdi komunistarekin izan zituen harremanen berri ematen du. Beste zenbait lan aipagarri: Collected Poems 1928-1953 (1955, Poema guztiak 1928-1953); Trial of a Judge (1938, Epaile baten epaiketa); Collected Poems 1982-85 (1985, Poema guztiak 1982-85); Journals 1939-83 (1985, Egunerokoak 1939-1983). Bestalde, F. García Lorca, Rilke, Schiller, Toller eta beste idazle batzuen lanak ingelesera itzuli zituen.