Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Spencer, Herbert

Britainiar filosofoa eta soziologoa (Derby, 1820 - Brighton, 1903). Saint-Simon-ekin eta Comte-rekin batera soziologiaren aitzindaritzat hartzen da. Gaztetan burdinbide ingeniari gisa lan egin zuen. 1848an, The Economist aldizkariko zuzendariorde izendatu zuten. 1851. urtean, Social Statics (Gizarte estatika) liburua argitaratu zuen; obra hartan bere pentsamenduaren oinarriak eman zituen aditzera gizartearen bilakaerari buruz. 1855ean, The Principles of Psychology (Psikologiaren hastapenak) liburuaren lehen partea argitaratu zuen; bertan, Darwini aurrea hartuz, gizartea etengabe garatzera eta aurrera egitera daramana “iraupenaren borroka” dela adierazi zuen, eta soilik hobekien moldatuak dauden gizarteak irauten dutela bizirik. Hala, bilakaeraren printzipioan oinarrituz, errealitatearen alde guztiak azaltzen saiatu zen, eta zientzia guztiak bilakaeraren printzipioaren baitan uztartu zituen. Darwinek bere obra argitaratu zuenean, Spencerrek bere egin zuen haren teoria; horren arabera, errealitate osoa indar edo eragile ezezagun baten bilakaera etengabearen ondorio zela uste zuen Spencerrek; hala, hasieran homogeneoa, zehazgabea eta sinplea zena, bilakatuz joan ahala, heterogeneo, zehatz eta konplexu bihurtzen zen. Gauzak horrela direla, nebulosen bilakaeratik planetak sortu ziren eta izaki zelulabakarren bilakaeratik organismo konplexuak. Antzeko prozesua ikusten zuen gizartean ere; hala, hasierako giza talde primitiboak bilakatuz joan ahala sortu ziren indarrean egituratutako gizarteak, eta hortik eratu ziren, halaber, industria gizarteak, gizabanakoek beren borondatez egindako kontratu batean oinarriturik zeudenak haren ustetan. Horren ondorioz, Spencer gizarte eredu guztiz liberal baten aldekoa zen; hala, estatuak ez zuen batere eraginik izan behar gizarte horretan, gizarte liberala, berez egituratua, baitzen gizabanakoaren askatasuna eta gizartearen berezko antolamendua errespetatzen zuen bakarra. Morala gizonaren eta gizartearen harmonia lortzea helburu duen giza gogoaren nahia dela uste zuen eta, beraz, izaera eta izpiritua errealitate bakarraren kanpoko eta barruko adierazpideak direla. Beste obrak: The Synthetic Philosophy (1862, Filosofia sintetikoa), First Principles (1862, Lehen Hastapenak), The Principles of Biology (1864-1867, Biologiaren hastapenak), Principles of Pschology (1870-1872, Psikologiaren hastapenak), The Principles of Sociology (1876-1896, Soziologiaren hastapenak) eta The Principles of Ethics (1892-1893, Etikaren hastapenak).