Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Spielberg, Steven

Estatu Batuetako zinema zuzendaria (Cincinnati, 1947). Telebistarako sailak eta filmak egiten hasi zen Universal Television produkzio etxerako. Duel (1972) telebistarako beldurrezko film bitxi bikainak arrakasta handia izan zuen eta zinemaren ateak zabaldu zizkion. Jaws (1975) marrazo zuri bat protagonista duen ikarazko filmak mundu osoan lortutako arrakastaren ondoren, baliabide askorekin ekoiztutako filmak egin izan ditu, ahalik eta ikusle gehien erakartzeko eginak, batzuetan axalkeria eta sentimentalkeriazko kutsua dutenak. Bestek zuzendutako film arrakastatsuak ere produzitu izan ditu. Ikarazko, abenturazko eta zientzia fikziozko generoak landu ditu: Close Encouters of the Third Kind (1977, Topaketak hirugarren fasean), 1941 (1979), E.T. (1982); Indiana Jones pertsonaiaren trilogia: Raiders of the Lost Ark (1981, Kutxa galduaren bila), Indiana Jones and the Temple of Death (1984, Indiana Jones eta heriotzaren tenplua), Indiana Jones and the Last Cruisade (1989, Indiana Jones eta azken gurutzada). Film horiei esker zinema munduko zuzendaririk ahaltsuena eta aberatsena bihurturik, film dramatiko batzuk egin zituen:The Color Purple (1985), Empire of the Sun (1987), Always (1989). 1991n Hook egin zuen, Peter Panen abenturetan oinarritutako haurrentzako filma. Jurasic Parc (1992), efektu berezi bikainekin egindako filmak lau Oscar jaso zituen eta Schindler’s List (1993) filmak zazpi.