Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Späth, Gerold

Suitzar idazlea (Rapperswill, 1939). Merkataritza ikasketak egin zituen eta zenbait urtetan familiaren negozio batean aritu zen lanean, idazle gisa hasi baino lehen. Bere lehen eleberrietan batasun handia sumatzen da formari eta gaiari dagokionez: Unschlecht (1970, Txarra ez); Stimmgänge (1972, Bide adostuak). Eleberri pikareskoaren tradizioan, Späthek mikrokosmos fiktizio bat aurkeztu zuen hiri burges baten irudikapenaren eredu gisa. Eleberriotako elementu nagusiak maitasuna, desira eta bizioa dira. Gizartearen kritika Späthen produkzio osoan zehar agertuko da; bere obraren ardatz nagusia da. Familia burges baten bizitza itxuraz ordenatu eta zuzenaren deskribapenarekin, Späthek alde batera utzi zuen pikareskaren eredua Die heile Hölle (1974, Infernu sakratua) obrarekin, eta forma laburrago baten bila abiatu zen. Bilaketa Commedia obran (1980) gauzatu zuen: gizakiaren heterogeneotasunaren 203 erretratu labur. Lehenengo obretako hizkuntza barrokoa arinduz joan zen; forma ere bai, baina ez zuen haatik indarrik galdu bere deskribapen bizietan. Beste zenbait lan aipagarri: Barbarswila (1988); Früher am See (1991, Itsasoan goizago); Stilles Gelände am See (1991, Itsasoko lur isilak) eta Das Spiel des Sommers neunundneunzig (1993, 99 urteko udako jolasa).