Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siohan, Robert

Frantses musikagilea (Paris, 1894 - 1985). Musika ikasketak Parisko Kontserbatorioan egin zituen, 1909-1922 urteen bitartean. Alto, kontrapuntu eta fugako lehenengo sariak lortu zituen, eta ondoren Vincent d’Indy-rekin lan egin zuen. Hark orkestra zuzendaritzara zuzendu zuen. Bere lehenengo lanek Halphen saria (1922, Harizko laukotea) eta Blumenthal saria (1925-1926, Sinfonia) jaso zituzten. Harthur Honegger-en David Erregea lanaren lehenengo audizioa egin zuen Parisen 1924an. Poliki-poliki arrakasta hartu zuen orkestra zuzendari gisa eta Pasdeloup kontzertuetan zuzendari aritu zen behin baino gehiagotan. 1929an bere orkestra sortu zuen, Concerts Siohan, eta Parisko talde dinamikoetako bat bihurtu zen, musika berriei eta interprete gazteei ateak zabaldu zizkiena. 1932-1946 urteen bitartean Parisko operako abesbatzetako zuzendari izan zen, eta ondoren Kontserbatorioko irakasle (1948-1962) eta musikako ikuskari orokorra Kultura ministerioan (1962-1964). Siohanen lehenengo lanak bide neoklasikoaren barruan sartzen dira, eta ez zuen ia inoiz bide hori utzi. Opera bat idatzi zuen, Le Baladin de satin cramoisi (1926-1927); ballet bat, Hypérion (1938); bi lan sinfoniko, In memoriam (1922), Kontzertua biolinerako (1927), Kontzertua pianorako (1939), ganbera musika, musika instrumentala eta melodiak. Hainbat urtez musikologia eta kritika landu zuen (Le Monde eta Combat aldizkarietan, batez ere).