Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siodmak, Robert

Estatu Batuetako zinemagilea, jatorriz alemaniarra (Memphis, 1900 - Locarno, Suitza, 1973). 1929an egin zuen lehen film luzea Curt Siodmak anaiarekin batera, Menschen am Sonntang, fikzioa eta dokumentala nahasten zituena. Polizia filmak egin zituen gero, harik eta 1933an, naziengandik ihesi, Alemania utzi eta Parisa erbesteratu zen arte. Parisen zortzi film egin eta 1940an Estatu Batuetara erbesteratu behar izan zuen. Hollywooden hasi zen lanean anaiari esker; han genero beltzeko maisuetako bat izan zen. B saileko film batzuk egin ondoren polizi filmak egin zituen, giro itogarri eta pertsonaia gogorrekoak, espresionismoaren eragina zutenak. Garai hartakoak ditu filmik onenak: Phantom Lady (1944), The Suspect (1945, Susmagarria), The Spiral Staircase (1945), The Dark Mirror (1946, Ispilu iluna), The Killers (1946, Hiltzaileak), Cry of the City (1948, Hiriko oihua), Criss Cross (1949). Polizia filmez gainera, abenturazko film bikain bat ere egin zuen, The Crimson Pirate (1952). Europara itzuli eta han egin zituen, besteak beste: Le grand jeu (1953), Die Ratten (1955), eta Katia (1959).