Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schwarzkopf, Elisabeth

Britainiar sopranoa, jatorriz alemaniarra (Jarotschin, gaur egun Polonia, 1915 - 2006). Musika ikasketak Berlingo Kontserbatorioan egin zituen, eta 1938an Berlingo Operan sartu zen. Bigarren paper batzuk kantatu zituen talde horretan, Richard Wagner eta Mozarten operetan batez ere. 1942an Lieder errezital bat eman zuen, eta Karl Böhm-ek Vienako Operan kantatzera gonbidatu zuen. 1944an debutatu zuen azken horretan. 1947an arrakasta handia izan zuen Covent Gardenen (Londres), eta han lau denboralditan errepertorio liriko alemaniarra (Mozart), italiarra (Puccini) eta frantsesa (Massenet) kantatu zituen. Bere ahotsaren distirak eta entonazioaren edertasunak berehala eman zioten ospea. 1949an Herbert von Karajan-ek Mozarten Figaroren ezteiak kantatzera gonbidatu zuen Salzburgoko Jaialdira. Urte horretan bertan italiar entzuleak liluraturik utzi zituen Milango Scalan. 1953an Estatu Batuetan egin zuen debuta (New York-eko Carnegie Hall, San Franciscoko Opera). 1971. urtetik aurrera errezitalak besterik ez zituen eman, eta 1979an utzi zituen antzokiak, irakaskuntzan aritzeko.