Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schwarzenegger, Arnold

Austriar kulturista eta antzezlea (Graz, 1947). Kulturismo lehiaketa batzuk irabazi ondoren, Estatu Batuetako zinema izar bihurtu zen. 1976. urtean egin zuen debuta, Bob Rufelson-en Stay Hungry (1976) filmean, eta nolabaiteko arrakasta izan zuen. Urtebete geroago Pumping Iron dokumentalean parte hartu zuen eta ikusleen arreta bereganatu zuen. Baina izen bereko komiki pertsonaia batean oinarritutako filmak ezagutarazi zuen bere izena mundu osora: Conan izugarria (1982, John Milius). Bi urte geroago Conan suntsitzailea (1984) egin zuen, Richard Fleischer-en zuzendaritzapean. Film horietako bakoitzak 100 milioi dolar baino gehiago eskuratu zituen. Hurrena zientzia fikziozko film bat egin zuen, Terminator (1984), James Cameronen zuzendaritzapean, eta arrakasta handia izan zuen bertan erabilitako efektu berezi ikusgarriengatik. Beste lan aipagarri batzuk, akzio eta abenturazko filmen artean: Harraparia (1987) eta Azken heroi handia (1993), biak John McTiernanenak; Terminator 2 (1991) eta Gezur arriskutsuak (1994), James Cameronen zuzendaritzapean. Baina era horretako filmez gainera, bere gorputz ikusgarria film komikoetarako baliatzen jakin du, arrakasta handiko lanetan: Bikiek bitan jotzen dute (1988), Haurtzaindegiko polizia (1990) eta Junior (1994), hirurak Ivan Reitman-en zuzendaritzapean.