Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schwartz Girón, Pedro

Espainiar legelaria eta ekonomista (Madril, 1935). Zuzenbide ikasketak egin zituen Madrilen. 1996an doktoregoa lortu zuen eta 1969an Ekonomia Doktrinen Historia Katedra lortu zuen. 1982an Madrileko Club Liberal-eko lehendakari hautatu zuten, eta AP-PDP eskuindar koalizioko diputatu. Berak sarrarazi zuen Club Liberala AP-PDP koalizioan. Espainian, Fulton Friedmanen ideien zabaltzaile izan zen. Liburu askoren egilea da: La nueva economía política de J. S. Mill (1968, J. S. Millen ekonomia politiko berria); El Banco de España, una historia económica (1973, Espainiako Bankua, historia ekonomikoa); La Banca Española en la Restauración (1975, Errestaurazioko espainiar bankuak); Empresa y Libertad (1981, Enpresa eta askatasuna); Encuentros con Karl Popper (1994 Karl Popperekin), eta abar. 1968an España Económica astekariaren sorreran parte hartu zuen, eta urte hartatik aurrera artikulu asko idatzi ditu egunkarietan: Cinco días, ABC, La Vanguardia, Diario 16, El País eta, batez ere, Cambio 16-en. Halaber, Financial Times-en idazten du hilero Europako Erkidegoko ekonomia arazoez. Ingalaterra eta Espainiaren arteko adiskidantza loturak sendotzen egindako lanarengatik, Britainiar Inperioaren Ordenaren saria jaso zuen 1990ean.