Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schmeling, Max

Alemaniar boxeolaria (Klein Luckow, Brandenburgo, 1905 – Hanburgo, 2005). XX. mendean pisu astunetako txapeldun izandako lehen europarra. 1923an Alemaniako boxeolari afizonatuen txapelketa irabazi zuen, pisu erdi-astunen mailan, eta hurrengo urtean profesional egin zen. 1926an pisu erdi-astunetako Alemaniako Txapelketa jokatu zuen, eta txapelduna mendean hartu zuen. Hurrengo urtean Europako Txapelketa irabazi zuen, maila berean, eta 1928an Alemaniako pisu astunetako txapelketa. 1929an Paulino Uzkudun gipuzkoar boxeolaria menderatu zuen New Yorken, eta 1930ean pisu astunetako munduko txapeldun atera zen, bere aurkaria, Jack Sharkey, deskalifikatua izan ondoren joko legearen kontrako kolpe bat jotzeagatik. Zenbait aldiz titulua defendatu ondoren, 1932an galdu zuen, Sharkeyren beraren kontrako lehian. 1936an, New Yorken, Joe Louis K.O. utzi zuen, bere bizitzako borrokarik onenean. Bi urte geroago, Joe Louisek menderatu zuen Schmeling. Bigarren Mundu Gerran parakaidisten gudaroste batean parte hartu ondoren, 1948an jokatu zuen azken borroka, Berlinen; galdu egin zuen.