Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schlöndorff, Volker

Alemaniako zinema zuzendaria (Wiesbaden, 1939). Zinema ikasketak Frantziako IDHEC eskolan egin zituen. Jean Pierre Melville-ren, Alain Resnais-en eta Louis Malle-ren laguntzailea izen zen. Robert Musil-en eleberrian oinarritutako Der Junge Törless (1966, Törless gaztea) du bere lehen film luzea, Cannesko zinemaldian saritua eta zinemaren ateak zabaldu zizkiona. Oro har Schlöndorffen filmegintza bi sailetan bana daiteke: berak idatzitako historietan oinarritutako filmak eta idazle ezagunen eleberrietan oinarriturik egindakoak. Lehenengo sailekoak dira: Mord und Totschlag (1967), Der Plötzliche Reichtum der Armen Leute von Kombach (1970, Kombach-eko behartsuen bat bateko aberastasuna), Strohfeuer (1971, Lasto sua), Die Moral der Ruth Halbfass (1972). Bigarren sailekoak ditu film gehienak, Heinrich Böll-en, Marguerite Yourcenar-en, Gunter Grass-en, Proust-en eleberrietan oinarrituak: Die Verlorene Ehre der Katharina Blum (1976, Katharina Blum-en ohore galdua), Der Fangschuss (1976, Azken tiroa), Die Blechtrommel (1978, Latorrizko danborra), arrakasta handia izan zuen filma, Cannesko Zinemaldiko sari nagusia eta atzerriko filmari ematen zaion Oscar saria jaso zituena; Die Fälschung (1981, Faltsutzea), Eine Liebe von Swann (1983, Swann-en maitasuna), Death of a Salesman (1985, Saltzaile ibiltari baten heriotza).