Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sánchez, Hugo

Mexikar futbolaria (Mexiko Hiria, 1958). Odontologia ikasi zuen Mexikoko Unibertsitate Autonomoan, eta futbolari gisa Pumas taldean hasi zen jokatzen. Hirugarren mailan ari zela gol egile nagusia izan zen eta horri esker gora egin zuen taldearen barruan. 1975ean Cannesko txapelketan aritu zen, eta han ere gol gehien sartu zituena bera izan zen. Hala, hamazazpi urte zituela, jadanik ospetsu zen Mexiko osoan, eta kazetariek “Urrezko Mutikoa” esaten zioten. 1975ean Panamerikar Jokoetako olinpiar taldearekin irabazle izan zen eta ondoren Montréalekoetan parte hartu zuen. Joko haien ondoren Mexikora itzuli eta Pumas taldearen talde nagusian hasi zen. 1981ean Atlético de Madrid taldeak kontratatu zuen eta hasiera zaila izan bazuen ere, arrakasta handia lortu zuen Espainian. 1985. urtea izan zen talde horretan egin zuen azkena eta gol egile nagusia izan zen. Mexikora itzuli zen, Pumas taldera, baina berehala Real Madrid taldeak hartu zuen. Madrilgo talde horrekin bost Liga txapelketa irabazi zituen (1986, 1987, 1988, 1989 eta 1990), Errege Kopa bat 1989an, UEFA kopa bat 1986an, eta Superkopa bat 1991n. Real Madrid-eko jokalari zela 250 gol egin zituen eta Ligako gol egile nagusia izan zen hiru alditan. 1990-1991 denboraldian 15 alditan bakarrik jokatu ahal izan zuen, eta 12 gol besterik ez zituen egin, bi lesio izan baizituen. Hurrengo denboraldian ere ez zituen partida asko jokatu, Real Madrid taldeko zuzendaritzak ez jokatzeko isuna ezarri baitzion UEFAko partida batera joan nahi izan ez zuelako. 1992an Mexikoko América taldera joatea erabaki zuen, baina hurrengo urtean Espainiara itzuli zen Rayo Vallecano taldean aritzeko asmoz. Azken talde horretan ez zen ondo ibili eta Mexikora itzuli zen. 1996an utzi zuen futbol profesionala.