Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sanchis Sinisterra, José

Espainiar antzerkigilea (Valentzia, 1940). Filosofia eta letrak ikasi zituen Valentziako Unibertsitatean eta unibertsitate horretako Antzerki Gela eta Seminarioa sortu zuen. Sanchisek ohiko antzerki arauak eta kodeak hausten ditu; ez du inoiz arrakasta erraza bilatzen: ikusgarritasunetik aldendurik mamira jotzen du. Brecht, Beckett eta Latinoamerikako antzerkiaren eraginak nabarmenak dira bere lanetan. Sanchisen lan asko inguru baztertu eta arriskutsuetan girotuta daude; gaur egun Espainia eta Kolonbian aritzen da aldi berean. Sanchisek antzerki independentearen barruan egindako lana garrantzi handikoa izan zen. 1977an Bartzelonan Teatro Fronterizo sortu zuen eta, 1989an, Beckett aretoa. Berriemailea izan da 1er Acto aldizkarian, Cadizko Iberoamerikar Jaialdiko zuzendaria 1993an eta Bartzelonako Antzerki Institutuko irakaslea. Antzerki Sari Nazionala eman zioten 1990ean. Bere lan ugarien artean aipatzekoak dira: Tú, no importa quién (1962, Zu, berdin dio zein), La leyenda de Gilgamesh (1977, Gilgamesh-eko elezaharra), La noche de Molly Bloom (1980, Molly Bloom-en gaua), El gran teatro natural de Oklahoma (1980-82, Oklahomako antzerki natural handia), Informe para ciegos (1980-82, Txostena itsuentzat), Conquistador o el retablo de El Dorado (1984, Konkistatzailea edo El Doradoko erretaula) eta ¡Ay, Carmela! (1986, Carlos Saurak zinemara eramana).