Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sánchez Vicario, Arantxa

Espainiar tenis jokalaria (Bartzelona, 1971). Emilioren arreba. Profesional gisa 1988an irabazi zuen lehenengo txapelketa, eta 1989an Roland Garros txapelketa irabazi zuen Steffi Graf garaitu ondoren. Une horretatik aurrera Arantxa Sánchez Vicario munduko txapelketa nagusietan egon da. 1991. urtetik aurrera Emakumeen Tenis Elkarteko bost lehenengoen artean egon da, 1995ean lehenengo izatera iritsi zen, besteak beste, 1998an Roland Garrosen lortu zuen garaipenagatik eta Grand Slam osatzen duten txapelketetan lehenengo lekuetan gelditzeagatik. Roland Garrosen hiru alditan izan zen finalista (1991, 1995 eta 1996), Estatu Batuetako Irekian behin (1992), bitan Australiako Sari Nagusian (1994 eta 1995) eta bitan Wimbledonen (1995 eta 1996). Bikoteetan ere garaipen handiak lortu zituen; horien artean aipagarria da 1995ean Wimbledonen lortu zuen garaipena Jana Novotnarekin, eta baita Masters lehiaketan ere. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan (1992) brontzezko domina irabazi zuen bakarka, eta zilarrezkoa Conchita Martínezekin osatu zuen bikotean; Atlantako Olinpiar Jokoetan (1996) zilarrezko domina irabazi zuen bakarka, eta brontzezkoa Conchita Martínezekin; Federazioko Kopa ere lau alditan irabazi zuen (1991, 1993, 1994 eta 1995).