Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sánchez Vázquez, Adolfo

Espainiar filosofoa (Algeciras, Cadiz, 1915). Madrilgo Unibertsitate Zentralean ikasi zuen, baina 1930ean Mexikora ihes egin zuen eta han jarraitu zituen bere ikasketak. 1966. urtetik aurrera, Mexikoko Unibertsitateko filosofia irakasle izan da. Sánchezen pentsamendua filosofia marxistaren barruan kokatzen da, baina ez marxismo dogmatikoaren barruan, marxismo kritiko eta berritzailearen baitan baizik. Joera horretan, Sánchezen lanak etikaren eta estetikaren bidetik egin zuen. Estetikaren barruan, esperientzia artistikoaren teoria bat proposatzen zuen, arautegietatik hurrun. Artea praxis-aren forma zehatz bat bezala hatzen zuen, halako eran non gizakiaren lana harreman estetikoaren oinarri bihurtzen den. Etikari dagokionez, horretan ere araudiaren kontra egiten du, haren iritziz moralaren teoria ez baita arau kode gisa hartu behar. Sánchezen lan nagusiak hauek dira: Filosofía de la praxis (1967, Praxisaren filosofia), Ética (1969, Etika), Estética y marxismo (1970, Estetika eta marxismoa), Ciencia y revolución. El marxismo de Althusser (1978, Zientzia eta iraultza. Althusser-en marxismoa), Ensayos marxistas sobre filosofía e ideología (1983, Filosofia eta ideologiari buruzko saiakera marxistak) eta Escritos de política y filosofía (1987, Politika eta filosofiazko idatziak).