Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sacristán Turiagano, José

Espainiar antzezlea eta zinema zuzendaria (Chinchon, Madril, 1937). Txiki-txikitatik gustatu zitzaion irudimenaren eta fikzioaren mundua, eta horren eraginez ikasketak utzi eta lanean hasi zen kantu eta ahoskera ikasketak ordaindu ahal izateko. Madrilgo Elisabet Infantaren antzokian hasi zen lanean eta paper txiki bat egin zuen El celador (Zaindaria) filmean. 1960ko denboraldia amaitu zenean Teatro Popular Español konpainian sartu zen eta talde horrekin Latinoamerikan ibili zen urte t´erdiz. Ondoren paper txikiak egin zituen Calígula (Kaligula), El gran teatro del mundo (Munduko antzoki handia), Julio César eta abarretan. 1965ean egin zuen garrantzizko lehenengo lana, La pulga de la oreja (Belarriko arkakusoa) eta ondoren Pedro Masók La familia y uno más (Familia eta bat gehiago) lanean aritzeko deitu zion. Une horretatik aurrera lan asko egin zuen zinemarako, baina ez zuen antzerkia alde batera utzi. Denboraldi luze batez bigarren mailako aktore gisa aritu zen, baina 1960ko eta 1970eko hamarraldietan protagonista paperak ere egin zituen. “Hirugarren bidea” esaten zitzaion higikundeak aukera bat eman zion Vida conyugal sana (1973, Senar-emazteen arteko bizitza osasuntsua) lanarekin, eta bere karreran komedia nagusi izan bada ere, garrantzi handiagoko lanak egin zituen G. Suárez, JL. Garci, Eloy de la Iglesia, P. Olea, eta abarrekin. Sacristánen beste lan aipagarri batzuk dira: Sor Citroen (1967), Operación Mata-Hari (1968, Mata-Hari operazioa), Vente a Alemania, Pepe (1970, Zatoz Alemaniara Pepe), No desearás a la mujer del vecino (1971, Ez duzu auzokoaren emaztea maiteko), Operación Ogro (1979), La colmena (1982, Erlauntza), El vuelo de la paloma (1988, Usoaren hegaldia), Un lugar en el mundo (1991, Leku bat munduan), Todos a la cárcel (1993, Denak kartzelara). Zuzendari gisa egin ditu: Soldados de plomo (1983, Berunezko soldaduak), Cara de acelga (1986, Zerba aurpegia), Yo me bajo en la próxima ¿y usted? (1992, Ni hurrengoan jaitsiko naiz, eta zu?).