Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sachs, Hans

Alemaniar olerkari eta musikagilea (Nurenberg, 1494 - Nurenberg, 1576). 6.000 poesiatik gora idatzi zituen. Poesia horiek Meistersang molde herrikoi-burgesari jarraitzen zitzaizkien, eta XV-XVI. mendeko akademia moduko eskoletan kantatzen ziren. Meistersinger edo maisu kantaririk ospetsuenetako bat izan zen Sachs. Durero, Fischer eta Pirkheimer-en adiskide izan zen, eta himno bat idatzi zuen Lutero goraipatuz: Die Wittembergisch Nachtigall (1523, Wittemberg-eko urretxindorra). Wagner musikariak hari eskaini zion Die Meistersinger von Nürnberg (Nurenberg-eko maisu kantariak) opera.