Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rosenquist, James

Estatubatuar margolaria (Grand Forks, Ipar Dakota, 1933). 1948an Minneapolisko Arte Eskolan ikasi zuen beka batekin eta ondoren hango unibertsitatean sartu zen, pintura ikasketak egitera. 1955ean New Yorkera joan zen eta Art Students Leaguen sartu zen; han ezagutu zituen Robert Indiana, Jasper Johns eta Robert Raushenberg, berak bezala artelanak osatzeko eguneroko bizitzatik harturiko objektuak eta gaiak erabiltzen zituzten artistak guztiak. Harrezkero zenbait enpresarentzat lan egin du artista komertzial gisa. Bakarkako lehen erakusketa Green Galleryn egin zuen, New Yorken, 1962an, eta 1965az gero Leo Castelli Galleryrentzat lan egin zuen. 1960ko hamarraldiaren inguruan neurri handiko irudiak egin zituen, bizitza modernoaren hutsaltasuna agerian uzten duten sinboloak erabili zituen eta pop art joerako gaiak landu zituen nagusiki (I Love you with my Ford, 1961). 1970eko hamarraldian obra grafikoak egiten hasi zen, eta munduaren ikuspegi surrealista eskaintzen duten irudi erraldoiak egiten jarraitu zuen. Azkenaldiko lanetan, adibidez Four New Clear Women, Estatu Batuetako kulturari buruzko bere iritzia azaldu du.