Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rosenblum, Sigmund

(Sidney George Reilly ere deitua). Ukrainar espioia (Odesa, Ukraina, 1874 - Mosku, 1925). Odesako familia judu batean sortu zen eta kimikako ikasketak egin zituen Vienan. Brasil aldera jo zuen gero eta Amazonian ingeles armadako ofizial batzuekin egon ondoren, Britainia Handiko espioi sarearekin harremanetan jarri zen (1896). Sidney George Reilly izen berria hartu zuen 1899an. Handik aurrera garrantzi handiko informazioak eman zizkien britainiarrei Errusiako inperioko eta Pertsiako petrolio instalakuntzei buruz, eta Pertsiako petrolioaren ustiakuntzarako eskubideak lortu zituen britainiarrentzat. 1914an alemaniarren itsas armadari buruzko datu baliotsuak eman zizkien britainiarrei eta arrisku handiko eginkizunak bete zituen Alemanian. 1918an Moskura bidali zuten boltxebikeen gobernuaren kontra azpilanean jardutera, baina salatu zuten eta ihes egin behar izan zuen. Hainbat alditan sartu zen Errusian ondoren eta, azkenean, 1925ean preso hartu eta hil zuten.