Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rosenkreutz elkartea

(Rosacruz eta Rose-Croix izenaz ere ezaguna). Ezkutuko elkartea, jatorria eta historia iluna duena. Sinbolo nagusitzat arrosa gorria zuen, gurutze baten erdian jarria. Kabalan eta teosofian oinarritzen zen, eta bakean eta ezkutuan, gizartean elkartasun unibertsala bultzatzea zuen helburu nagusia. Dirudienez XVII. mendearen hasieran sortu zen Alemanian, eta mende hartan zabaldu zen Europan. Garai hartan maila desberdinak ezarri ziren elkartean sartzeko eta aurrera egiteko; bestalde, elkartearen sinbolo eta jarduera modu esoterikoak masoneriaren moldeetarantz bideratu ziren. Robert Fludd Tractatus apologeticus integritatem societatis de Rosae Crucis defendens (1617) liburuan elkartearen sinesmenen oinarria ezartzen ahalegindu zen. 1838. urtean E.G. Bulwer Lytton eleberrigileak elkartea antolatu zuen Ingalaterran, Alemaniako Rosenkreutz elkartearen liturgiari jarraituz. 1892. urtean agertu zen elkartea Frantzian.