Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rosencof, Mauricio

Uruguaitar idazlea (Florida, 1933). Kazetari gisa hasi zen lanean eta antzezlea ere izan zen, baina 1960an bere lehen obra garrantzitsua, El Gran Tuleque (Tuleque Handia), estreinatu zenez gero, antzerkigintzan murgildu zen nagusiki, nahiz eta politikan ere aritu zen. Izan ere, gazteria komunisten batasunaren sortzailea eta Tupamaroen Nazio Askapenerako Mugimenduaren buruzagi izan zen. 1972an atxilotu eta torturatu egin zuten, eta 1973ko estatu kolpean bahitu gisa hartu zuten beste zortzi presorekin batera; kanpoan gudarostearen kontrako erasorik izanez gero hil egingo zutela agindu zuten. Hamabi urte igaro zituen espetxean eta bizimodu lazgarria izan zuen; 1985ean aske utzi zuten, baina urte haietako bizipenak jaso zituen E. Fernández Huidobrorekin Memorias del calabozo (Ziegako oroitzapenak) izenburupean bildu zituen hiru liburukietan. Bere antzerki lanetan azpimarratzekoa da kontakizunetan sortzen dituen bikote kontrajarriak: poesia eta indarkeria, samurtasuna eta samina, kontzientzia eta eldarnioa. Gaztelaniaz idatzitako gaurko antzerkiko egile nagusietakoa da, eta bera da nazioartean ospe gehien duen uruguaitar idazleetako bat. Hauek dira bere obra nagusiak: La valija (1961, Maleta,), Los caballos (1967, Zaldiak), El saco de Antonio (1985, Antonioren zakua) eta El regreso del Gran Tuleque (1987, Tuleque Handiaren itzulera).