Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rocky Mountains

(Eusk. «Mendi Harritsuak») Ipar Amerikako mendebaleko mendi sistema, iparraldetik hegoalderako norabidea duten hainbat mendialdek osatua, Kanadako Albertatik Mexikoraino luzatzen dena. 4.800 km luze da osotara eta 110-650 km arteko zabalera du. Garaiera, 1.500 eta 4.399 m (Elbert mendia, Colorado) artekoa da. Kretaziko aldian sortu ziren mendiok, hots, Jurasiko eta Paleozoikoen bitartean (144 - 65 milioi urte inguru). Bi multzo bereiz daitezke, ekialdekoa eta mendebalekoa. Ekialdekoa 480 km luze den Coloradoko mendialdeak eta antzeko hedadura duen Arizonakoak osatua da. Ekialdeko gainerako mendialdeak apalagoak dira. Mendebalekoak oso bestelakoak dira. Paraleloan luzatzen diren mendialdeek osatua da eta Kanadakoak eta Montana mendiak dira mendialde nagusiak. Mexikoko golkorako eta Atlantiko ozeanorako isuria duten ibaien banalerroa osatzen du Rocky Mountains mendikate sistemak. Han dute iturburua zenbait ibai handik: Missouri, Rio Grande, Columbia, Colorado…. Mendialdeko landaretzari dagokionez izeiak, orreak, lertxunak eta pinuak dira nagusi. Faunari dagokionez, berriz, aipagarriak dira hartzak, wapitiak, oreinak, ahuntzak eta pumak. Mendikate sistema ukitzen duten Idaho, Nevada, Utah, Mexiko Berria, Arizona, Colorado, Montana eta Wyoming-eko estatuek ustiatzen dituzte Rocky Mountains-eko lurpeko aberastasunak (kobrea, burdina, zilarra, urrea, fosfatoak, zinka, potasioa, gasa, petrolioa). Han aurkitu dira, halaber, Estatu Batuetako molibdeno, berilio eta urabio hobi bakarrak. Rocky Mountains mendietan daude, bestalde, Yellowstone, Grand Teton eta Rocky Mountain parke nazionalak.