Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Robespierre, Maximilien Marie Isidore de

Frantses politikaria (Arras, Artois, 1758 - Paris, 1794). Jakobinoen buruzagia eta Frantziako iraultzaren aitzindari nagusietako bat izan zen. Arras hiriko abokatu baten semea zen. Jaioterrian egin zituen lehen ikasketak, eta Parisen lege eta filosofiakoak. XVIII. mendeko filosofoak aztertu zituen urte haietan, Jean-Jacques Rousseau, bereziki. 1781. urtean Arras-en hasi zen lanean abokatutzan. Estatu orokorretarako deiak zabaldu zizkion politikarako ateak. 1788an Artois-ko estatuen berrikuntzaren aldeko liburu bat aurkeztu zuen eta 1789an hirugarren estatuko ordezkari egin zuten, Frantziako Biltzarrean. Monarkia konstituzionalaren alde zegoen hasieran, eta ez zen lehen eztabaida haietan nabarmendu. Arian-arian gorpuztu zen harengan ideologia demokratikoa (pentsamendu eta adierazpen askatasuna, erregearen betoaren eta jabetzaren araberako bozaren aurkako jarrera, nahitaezko heziketa dohainik…) eta gertakariek hartaraturik jakobinoen buruzagi argienetako bat bilakatu zen. Luis XVI.ak ihes egin ondoren (1791ko ekaina), erregea konstituzioaren bitartez kentzea proposatu zuen, eta 1792ko maiatzetik aurrera biziki borrokatu zen La Fayette eta girondarren aurka. 1792ko ekaineko matxinadaren ondoren, monarkiarekiko loturak utzi eta errepublikar sutsu egin zen. 1792ko abuztuan Konbentzioa eratzea proposatu zuen, eta ezkerreko diputatu nagusietako bat izan zen ordutik aurrera, Danton eta Marat-ekin batera. Jakobinoen eta girondarren arteko tirabirak arras larritu ziren orduan. Erregearen aurkako auzian, haren heriotzaren aldeko botoa eman zuen Robespierrek. 1793ko maiatz-ekainean girondarren aurkako esetsaldia bultzatu zuen eta urte bereko uztailean hasi zen Herri Osasunerako Batzordean (Comité de salut publique), jakobinoen buru. Hebertista ezkertiarren demagogia eta moderatuen (Danton eta Desmoulins lagunak tarteko) ahultasuna gaitzetsi zituen, eta heriotzara eraman zituen 1794ko martxo-apirilean. Alderdi horiek guztiz baztertu ondoren, demokrazia etikoa aldarrikatu eta gehienen borondatearen araberako diktadura ezarri zuen. Izuaren aginpideak bere gorena jo zuen ondoren, eta Robespierre-k jende asko etsaitu zuen moderatuen eta ideiakideen artean. 1794ko uztailaren 27an (9 Thermidor) hartu zituzten preso Robespierre eta bere hurbileko laguntzaileak. Bere buruaz beste egiten saiatu zen, baina huts egin zuen (masail-hezurra xehakatu zion bere buruari eginiko pistola tiroak) eta hurrengo egunean hil zuten gillotinan. Jakobinoek aurreko egunean gizon miresgarritzat zutena munstro odolgirotzat jo zuten biharamunean eta sentimendu bikoitz hark berak iraun du gaurko egunak arte Frantzian.