Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Robinson, Joan Violet

Ingeles ekonomialaria (Camberley, Surrey, 1903 - Cambridge, 1983). Keynesen ekonomia teoriaren garapenean eta zabalkundean eman zituen urteak. Cambridge-ko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta bertan aritu zen irakasle lanetan 1931 eta 1971 urte artean. 1926. urtean Cambridge eskolako ekonomialaria zen Austin Robinson-ekin ezkondu zen. Begirune handia lortu zuen 1933. urtean argitaratu zuen The Economics of Imperfect Competition idatziarekin; bertan, besteak beste, baliabideen banaketa eta esleipena aztertu zituen, ustiakuntza kontzeptuarekin lotuz. 1930. urte inguruan Cambridgen Keynes-en teoria ekonomikoa iraultzaileen gainean izan zen eztabaidan parte hartu zuen. Keynes bere lagun minaren ekonomia teoria irakasteaz gainera, liburu asko idatzi zituen, horietako asko ekonomia gaietan aditu ez direnentzat ekonomiaren hastapen eta gida liburuak. 1940. urte aldera ordea, Keynes-en teoria bere ikuspuntutik garatzen hasi zen zenbait ideia marxista erabiliz; hala idatzi zituen, besteak beste: An Essay on Marxian Economics (1942) eta Marx, Marshall, and Keynes (1955). Robinsonen ikuspuntu ez ortodoxoak eta sistema ez kapitalistei zien sinpatiek eman zuten zer esanik cambridge-ko eskolan. Idatzi zituen obren artean aipagarriak dira, besteak beste: The Acumulation of Capital (1956), Economic Philosophy (1936), Introduction to Modern Economics (1973), eta bost aletan atera zuen Collected Economics Papers (1951-79).