Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Robinson, Edward G

(Jaiotza izenaz Emmanuel Goldemberg). Estatu Batuetako antzezlea (Bukarest, 1893 - Los Angeles, 1973). Antzerkian jardun zuen antzezle eta idazle gisa. Zinema mutuan saiorik eginagatik ere ahostunaren garaian iritsi zuen goi maila. M. Le Roy-ren Little Caesar (1931, Zesar txikia) filmean egindako lanak ireki zizkion zinema beltzeko ateak. Bere aurpegi, ahots eta gorpuzkera berezia ondo egokitu zitzaizkion itxuratu zituen pertsonaia gogorrei; gangster-arenak ditu antzezpenik ospetsuenak, baina mota askotako pertsonaiak gorpuztu zituen. Filmak: The Last Gangster (1937, Azken gangsterra), Key Largo (1948), Double Indemnity (1944, Indemnizazio bikoitza edo Galbidea), The Woman in the Window (1944, Leihoko emakumea), House of Strangers (1949, Arrotzen etxea), Cheyenne Autumn (1964, Txeieneen udazkena).