Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Robertson, Robbie

(Jaiotza izena, Jaime Robertson). Kanadar musikaria (Toronto, 1944). The Band taldeko burua izan zen bederatzi urtez, eta nahiz eta gutxitan abesten zituen berak idatzitako abestiak, 1970eko hamarraldian zehar ospe handia eskuratu zuen talde harekin. Taldea desegin zelarik, hamaika urte eman zituen isilik, baina halako batean, entzuleek ia ahaztuta zutenean, bere bakarkako debuta egin zuen Robbie Robertson izeneko diskoarekin(1987), eta arrakasta itzela eskuratu zuen berriro, Erresuma Batuan nagusiki. Robertsonek baliabide urri zituen garai hartan, baina emaitza bikaina lortu zuen lan hartan egindako inbertsio handiarekin eta prozesu luzearekin. Hainbat lagunen lankidetza bilatu zuen, U2 taldeko kideena, Peter Gabrielena, etab. Disko hartatik ateratako "Somewhere Down the Crazy River" singlean lan aparta egin zuen Robertsonek. Oro har disko bikaina zela esan daiteke eta izen ona eman zion; baina zoritxarrez, hura izan zen, itxuraz, Robertsonen bakarkako lehen eta azken diskoa.