Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Revista Internacional de Estudios Vascos

(Fr. Revue Internationale des Études Basques, «RIEV»). Julio Urquijok euskal ikerlanak argitaratzeko sortu zuen aldizkaria. 1907an sortu zen eta 1936. urtea arte iraun zuen, gero berriz hasi zen. Hasierako urteetan G. Lacombek lagundu zion Urquijori eta 1922an Eusko Ikaskuntzaren aldizkari bihurtu zen, Urquijo bera zuzendari zela. Lehen zenbakiak Baionan atera ziren, eta gero Gipuzkoako Aldundiko irarkolan, bi hilabetez behin. Lanak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo alemanez idatziak izaten dira, idazlea nor den. Urquijok garrantzi handia eman zion atzerriko euskalarien lanei. Parte hartzaile izan ziren, besteak beste, Meillet, Saroïhandy, Vinson, Hérelle, Jaurgain, Daranatz, Dubarat, Schuchardt, Linschmann, Winkler, Uhlenbeck, Meyer-Lübke, Dogson eta Farinelli eta beste asko, euskaldun eta atzerritar. Euskal idazle zaharren obrak ere argitaratu ziren, zatika eta zenbaitetan faksimilez. Era horretan argitaratu ziren, esaterako, Etxepareren lanak, Oihenarterenak, Tartasenak, Etxeberri Sarakoarenak, Axularrenak, etab. Gerrak eten zuen RIEVen argitalpena. 1981ean, Eusko Ikaskuntzaren babespean, berriz ere ekin zitzaion RIEV aldizkaria argitaratzeari, Julio Caro Baroja zuzendari zela, eta Juan Garmendia Larrañaga kudeatzaile. Gaur egun urtean bitan kaleratzen da.