Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reuter, Ernst

Alemaniar politikaria (Apenrade, Danimarka, 1889 - Berlin, 1953). Alderdi sozial-demokratako kide egin zen 1912an eta 1916an, Lehen Mundu Gerraren garaian, preso hartu zuten Errusian. 1918an boltxebikeentzat lan egin zuen Volga aldeko alemaniar taldean. Alemaniara itzuli eta Berlingo alderdi komunistako idazkari izateko proposatu zuten 1922an, baina alderdi sozial-demokratako kide egin zen, komunistengandik urrundurik. 1932an Reichstag-eko diputatu aukeratu zuten. 1933an preso hartu zuten; 1935ean Ingalaterrara joan zen, aske geratu ondoren. 1939an Turkiara joan eta Ankarako unibertsitateko irakasle izan zen 1945 arte. 1946an Berlin-a joan eta, alderdi sozial-demokrata antolatu ondoren, alkate izendatu zuten 1947an. Sobietarrek ez zuten onartu eta alkatetzan 1948an Berlingo hiria bitan banatu zen arte baizik ez zuen iraun. Mendebaleko Alemaniako buruzagi sozialdemokrata nagusietako bat izan zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren.