Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reutemann, Carlos

Argentinar auto pilotua (Santa Fe, 1942). Formula 1eko pilotu onenetako bat 1970eko hamarraldian. 1967an egin zuen debuta pilotu profesional gisa. 1969an Brabham taldean sartu zen Formula 2ko lasterketetan parte hartzera. 1970ean Europako Txapelketan laugarren geratu zen, eta bigarren eta laugarren berriro, hurrengo bi urteetan. 1974an Formula 1eko eliteko pilotuen artean sartu zen, Ferrari taldean. Bost urte geroago Lotus taldean sartu zen eta urtebete geroago Williams britainiarrean. Azkeneko talde horrekin hirugarren postua lortu zuen munduko txapelketan, eta bigarren tokia 1981ean, Nelson Piquet puntu bakar batez nagusitu zitzaionean. 1981ean erretiratu zen. Guztira 146 lasterketetan parte hartu zuen eta horietako hamabi irabazi zituen. Gero politikan sartu zen; 1991n Santa Fe probintziako gobernari hautatu zuten, Alderdi Justizialistako (peronista) kide zela.